Ekonomia -

Bizkaia

Bilboko TMB lantegiko bi beharginek positibo eman dute Q sukarrean

Beste kasu bat baieztatzeke dago. 2014an sukar horren epidemia-agerraldia izan zen lantegi berean, dozenaka langile kutsatu ziren eta lantegia itxi egin behar izan zuten.

TMB lantegiaren kanpoaldea. Argazkia ETBko bideo batetik hartua
TMB lantegiaren kanpoaldea. Argazkia: ETB
Bilboko TMB lantegiko bi beharginek positibo eman dute Q sukarrean

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko zaborren Tratamendu Mekaniko Biologikoen (TMB) lantegiko bi beharginek positibo eman dute Q sukarraren lehen azterketa, Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakinarazi duenez.

Elena Unzueta Bizkaiko Ingurumen diputatuak prentsaurrekoa eskaini du horren inguruko azalpenak emateko. Horren hitzetan, lau kasu posible atzeman zituzten martxo amaieran, eta ordudanik azterketak egiten ibili dira.

Aurretik, 2014an, Q sukarraren epidemia-agerraldia izan zen lantegi horretan. Dozenaka langile kutsatu ziren, eta fabrika hilabete batzuez itxi behar izan zuten.

Coxiella burnetii bakterioak eragiten du Q sukarra, ardi, ahuntz, behi, katu, txori, arratoi eta saguak izan daitezke bakterio patogenoaren eramaileak, eta, horiekin harremanetan jarriz gero, gizakia ere kutsatu daiteke. Gaixotasunak ondorengo sintomak eragiten ditu: eztul lehorra, sukarra, buruko mina eta giharretako mina.

Unzuetak azaldu duenez, lau kasu posible horietatik bik positibo eman dute lehen frogan (bigarrena egingo diete aurki), eta hirugarren batek, negatibo. Laugarrenari lehen azterketa egin berri diote, eta emaitzen zain daude.

Ingurumen diputatuak argitu du TMB lantegia kudeatzen duen enpresak martxoaren 28an eman ziela kasu posibleen berri, eta apirilaren 3an Garbikerrek (Bizkaian hondakinen tratamendua kudeatzen duen sozietate publikoa) argibide gehiago eskatu zizkiola. Osalanek hartu du bere gain ikerketa.

"Oraingo honetan ez dago epidemia-agerraldirik"

Unzuetak azpimarratu duenez, "gaur gaurkoz" ez dago baieztatutako kasurik —bigarren azterketaren emaitzak ezagutzean jakingo dute—, eta beraz, "ezin esan 2014ko epidemia-agerraldia dagoenik; orduko hartan, dozenaka langile kutsatu ziren eta.

Unzuetaren hitzetan, Q sukarraren agerraldiaren ostean Europako segurtasun protokolorik "zorrotzenak eta sakonenak” ezarri zituzten TMBn. Hori horrela, segurtasun neurri horiek bete direla jakiteko txosten "xehatua" eskatu diote enpresari.

Foru aldundiak auziari "arretaz, kezkaz eta lasaitasun osoz" aurre egiten diola esan du Unzuetak; izan ere, Bizkaian nekazal guneetako animalien hondakinak biltzen dituen lantegi bakarra dela azaldu du.

"Kutsatzeko arriskurik ez egoteko lantegiak zorroztasunez jarraitu beharreko protokoloak ditu, eta Europako edozein lantegitan harritu egiten dira gure zorroztasun protokoloak direla eta", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Bizkaia Ekonomia berriak Eguneko albisteak