Ekonomia -
Pilotuen greba
10 hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiun, Vuelingeko pilotuen greba dela eta
Bartzelonatik datozen eta Kataluniako hiriburura doazen zortzi hegaldi ez dira abiatuko, ezta Sevillatik datorrena ere.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko aireportuan, hamar hegaldi bertan behera utzi ditu Vueling konpainiak gaur, Bartzelona eta Bilbo lotzen dituztenak gehienak, pilotuek deitutako hirugarren greba egunagatik, airelineako iturriek jakitera eman dutenez.
Vueling Loiuko aireportuaren airelinea nagusia da, joan-etorrien % 37 kudeatzen baititu. Horrela, Bartzelonatik datozen eta Kataluniako hiriburura doazen zortzi hegaldi ez dira abiatuko, ezta Sevillatik datorrena ere.
Egunero zortzi hegaldi ditu konpainiak Bartzelonara; ondorioz, bertan behera geratuko diren hegaldiak aurreikusitakoen erdiak dira.
Airelineako iturriek azaldu dutenez, bidaiari gehienak aldez aurretik birkokatu dituzte, abiatuko diren gainerako hegazkinetan edo 24 orduko epearen barruan, nahiz eta ostiralean lanuztea errepikatu.
10 urteko historian, konpainiako pilotu kolektiboaren hirugarren greba eguna da (apirilaren 25 eta 26an ere egin zuten greba). 1.150 profesional ari dira lanean Vuelingen. Soldatak kostu txikiko beste konpainia batzuek eskaintzen dituztenekin parekatzea eskatzen dute beharginek.
Hegaldien inguruko informazioa VuelingNews webgunean dago eskuragarri, baina bezeroaren arretarako arloak mezuen eta posta elektronikoen bidez emango die bidaiariei aldaketen berri.