Ekonomia -
Ez ohiko ministro kontseilua
Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du
Rubalcabaren esanetan, kontrolatzaile guztiak lanera deituko dituzte eta lantokira ez doana, kartzela zigorra ekar lezakeen delitua leporatuko diote eta epailearen aurrera eramango dute.
Erredakzioa
Aireportuetako anabasa konpondu ez denez, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri duela jakinarazi du Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroak.
Goizeko bederatzietan abiatu da ez ohiko ministro kontseilua eta 15 egunean indarrean egongo den dekretu hori kaleratzea erabaki dute. Espainiako Gobernuak 32 urteetan, Frankismo garaitik, ez du halako neurririk hartu.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Mariano Rajoy oposizioko liderarri erabaki horren berri eman diola esan du Rubalcabak.
Jose Blanco Sustapen ministroarekin eta Carme Chacon Defentsa ministroarekin batera agerraldia egin zuen goizaldean Rubalcabak. Horren esanetan, aireportu batzuetara besteeetara baino kontrolatzaile gutxiago joan da lanera, eta batzuk lantokira joan diren arren, "praktikan ez daude lanean".
"Langile talde batek euren pribilegioetako batzuk babesteagatik herrialdearen bizimodua nahasi du", adierazi du Barne Ministerioko bozeramaileak, eta Gobernuak Zuzenbide Estatuko tresna guztiak erabiltzeko "prest" dagoela azpimarratu du.
Blancok bertan behera utzi du Txinako bidaia
Jose Blanco Sustapen Ministroak ez du igandean Txinarako bidea hartuko egoera larritasuna dela eta.
Ministerioren iturrien arabera, Fernando Puig de la Bellacasa Harreman Instituzionaletako idazkari nagusia izango da Sustapen Ministerioko ordezkaritzaren buru. Bidaia horretan, tren eta aire-nabigazio arloko elkarlana sendotzea dute xede, eta herrialde horretako inbertsio funtsetarako Ez ohiko Azpiegitura Plana aurkeztuko dute.