Ekonomia -
LAN GATAZKA
Grebak % 65eko jarraipena izan du sindikatuen hitzetan; % 36koa Lanbideren arabera
Eusko Jaurlaritzaren ahotan, Lanbideko bulego gehienek, 43tik 41ek, ateak zabaldu dituzte. Hala ere, “lehen orduetan” Aguraingo eta Basauri Uribarriko bulegoak itxita egon direla onartu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek greba deitu dute Lanbiden, kudeaketa eredu berriaren aurka protesta egiteko. Lanuzteak % 36,6ko jarraipena izan duela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Sindikatu deitzaileek, ostera, % 65 jarraipena izan dela adierazi dute.
Kudeaketa eredu berriaren inposaketa gelditzeko eskatu dute sindikatuek, zerbitzuak eta lan baldintzek “funtsean okerrera” egingo dutelako. Negoziazio bat “zerotik” abiatzea eskatu dute deitzaileek. Sistema berriak “kudeaketa optimizatuko” duela uste du Lanbidek.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailaren ahotan, Lanbideko bulego gehienek, 43tik 41ek, ateak zabaldu dituzte gaur. Hala ere, “lehen orduetan” Aguraingo (Araba) eta Basauri Uribarriko (Bizkaia) bulegoak itxita egon direla onartu du.
Gainera, Barakaldoko Beurko, Zallako eta Basauriko Urbi bulegoetan Lanbidek ez du zerbitzurik eman, baina bai beste administratibo batzuk.
Sindikatuek, aldiz, grebaren jarraipena % 65ekoa dela esan dute, Juanma Gonzalez UGTko ordezkariak eguerdian jakitera eman duen balantzearen arabera. Ehun bat pertsonak manifestazioa egin dute Gasteizen, eguerdian.
Zentzu horretan, “behargin bakar bat lanpostuan azaltzen denean bulegoa zabaltzen” dela ziurtatu du sindikalistak, horregatik 43 bulegotik 41ek ateak ireki dituztela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
“Lanbide diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketarako zerbitzu esklusiboa” izatea nahi du Eusko Jaurlaritzak, Gonzalezek salatu duenez. “Enplegu zerbitzu bati dagozkion” orientabide, bitartekotza eta hezkuntza zereginak “hustu” nahi izatea aurpegiratu dio langileen ordezkariak Sailari.
Gaurko egunean erabiltzaileek izan duten pazientzia eskertu du Lanbidek, eta izan diren arazoengatik barkamena eskatu die.