Ekonomia -
Greba
Belgika eta Loiu lotzen dituzten Brussels Airlineseko hegaldiak, bertan behera
Brussels Airlineseko pilotuek bi greba egun deitu dituzte, astelehenerako eta asteazkenerako, euren soldatak, pentsioak eta familia-kontziliazioa hobetu ditzaten eskatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Belgika eta Espainiar Estatua lotzen dituzten hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu Brussels Airlines hegazkin-konpainiak, astelehen eta asteazken honetarako pilotuek deitutako grebaren ondorioz, konpainia horretako bozeramaile batek jakitera eman duenez. Gauzak horrela, Loiuko aireportua eta Bruselakoa lotzen dituzten hegaldiak ere bertan behera geratu dira.
Euren soldatak, pentsioak eta familia-kontziliazioa hobetzeko eskatzen dute Brussels Airlineseko pilotuek. Konpainia hura Luftansa alemaniarraren filiala da.
Hegazkin-konpainia horrek Bruselas-Zaventemengo aireportua eta Espainiar Estatuko hainbat hiri lotu ohi ditu, hala nola, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Madril, Malaga eta Sevilla.
Bi greba-egunek, maiatzaren 14a eta 16a, 63.000 bidaiariengan izango dute eragina, eta horiei bi aukera eskaini die hegazkin-konpainiak: erabiltzaileek hegazkin-bidaiaren data aldatu dezakete (ekainaren 30a baino lehen bidaiatzeko) edo txartelaren diru osoaren itzulera eskatu.