Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

Europako AHT sarea garestiegia da eta bidaiari nahikorik ez dago, auditoreen arabera

Europar Batasuneko Kontu Auzitegiak ondorioztatu du Abiadura Handiko Trenaren zenbait linea ez direla ekonomikoki bideragarriak eta horien artean 'Euskal Y'a aipatzen du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Kontu Auzitegiak gogor kritikatu du abiadura handiko trenaren sarea: obrak garestiegiak direla, bidaiari faltagatik eraginkorrak ez direla eta kasu batzuetan aurreikusitakoa baino abiadura askoz motelagoan zirkulatzen dutela ondorioztatu du.

Auditoreek Espainia, Frantzia, Italia, Alemania, Portugal eta Austriako abiadura handiko lineak aztertu dituzte, 5.000 kilometrotik gora, guztira. Abiadura handiko trenbide sarea hazten ari bada ere, Europak bere helburua beteko ez duela ondorioztatu dute. 2030. urtean kilometro kopurua hirukoiztea zen asmoa. Egun, 10.000 kilometro inguru daude eta 30.000 kilometroraino iristea zen helburua.

Ikerketa egiteko hamar linea aztertu dituzte, tartean 'Euskal Y'a. Auditoreen arabera, Espainia da abiadura handiko trenbide sarea eraikitzeko Europar Batasunetik diru-laguntza gehien jaso duen herrialdea: 11.200 milioi euro 2000tik 2017ra bitartean. Urte horietan Europar Batasunak guztira 23.700 milioi euro gastatu zituen egitasmo horretan.

Oro har, ikerketaren egileek adierazi dute abiadura handiko trenbideak eraikitzeko erabakiak "iritzi politikoetan" oinarritzen direla, eta ez kostuen eta onuren analisian.

Espainiari dagokionez, txostenak dio kasu gehienetan egitasmoaren "onurak oso txikiak" direla eta beste zenbaitetan "ikuspuntu sozioekonomikotik bideragarriak ez" zirela egiaztatu dela.

Linea bat bideragarria izateko abiadura handiko trenak bederatzi milioi bidaiari izan behar dituela dio Europar Batasunak. Bada, Espainiako bi lineatan kopuru horretara heltzen ez dela ohartarazi du.

Ildo horretan, eta zonalde bakoitzeko "bidaiari potentzialei" buruzko azterketa eginda, Europako auditoreek esan dute, besteak beste, 'Euskal Y'a ez dela bideragarria izango.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ekonomia Albisteak Abiadura Handiko Trena Bidaia albisteak 2024