Ekonomia -

Berankorren zerrenda

42 zergapekok 122 milioi euro zor dizkiote Arabako Ogasunari

Zor handiena pilatu duten konpainiak aurreko urteko ia berdinak dira, besteak beste, Goya sesenta y nueve (16,6 milioi) eta Ros Casares Centro del Acero (10,2 milioi).

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berankorren kopuruak gora egin du Araban. Iaz 40 ziren eta aurten 42 dira, ia gehienak enpresak. Guztira, 122,6 milioi euro zor dizkiote Arabako Ogasunari, aurreko ekitaldian baino 11,8 milioi gehiago.

Hirugarren urtez jarraian, 2017ko abenduaren 31n milioi bat baino gehiagoko zorra edo zerga-zigorrak zituzten zergapekoen zerrenda argitaratu du gaur Arabako Ogasunak.

Datuak argitaratu ziren aurreneko urtean 26 zergapeko zeuden berankorren zerrendan. 76,3 milioi euroko zorra zuten.

Iaz ekainean argitaratutako azken zerrendarekin alderatuta, hiru zergapeko berri sartu dira sailkapenean, 11,8 milioi euroko zorrarekin, baina aurreko urteko zordun handi bat zerrendatik desagertu da; izan ere, haren zorra ez da milioi batera heltzen orain.

39 pertsona juridikok 114,3 milioi euroko zorra dute, gaur argitaratutako zerrendaren arabera.

Zor handiena pilatu duten konpainiak aurreko urteko ia berdinak dira, besteak beste, Goya sesenta y nueve (16,6 milioi), Ros Casares Centro del Acero (10,2 milioi), Urko-Urbasa aldi baterako enpresa-elkartea (10,7 milioi) eta Eguren Vitoria (9,2 milioi).

Cimiano: "Gehienak porrot egin edo hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresak dira"

Ordaintzeke dauden zigor eta zorren zenbatekoak agertzen dira zerrendan; atzeratu, zatitu edo bertan behera utzi diren beste guztiak, aldiz, ez dira jaso, ezta oraingoz jakinarazi ez direnak ere.

Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatuak azaldu duenez, zerrenda “iruzurraren aurkako eta kontzientziazio neurri bat” da. Zordun “gehienak porrot egin edo hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresak” direla gogorarazi du arduradunak.

Hori da Arabako berankor handien profila. Hala ere, 15 bat zordun ez daude hartzekodunen konkurtsoan, erantsi duenez.

Datuak Babesteko legea betetzeko, berankorren zerrenda hiru hilabetez egongo da ikusgai, epe hori amaitzean, informazioa ez da eskuragarri izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Iruzurrak Ekonomia Albisteak