Ekonomia -
Iruzurra
Getxoko etxebizitza administratzaile bat salatu dute, diruaz bidegabe jabetzeagatik
Sestao Berri sozietate publikoaren arabera, 130.000 euro inguruko iruzurra egin du herri horretan. Bilbo, Getxo, Mungia eta Leioako hainbat etxebizitza komunitatetako diruaz jabetu dela ere uste dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sestao Berri sozietate publikoak kereila kriminala jarri du Getxoko etxebizitza administratzaile baten aurka, Sestaoko hogei etxebizitza komunitatetan diruaz bidegabe jabetzea egotzita.
Kereila gaur goizean aurkeztu dute Getxoko epaitegian, eta udalerri horretan egin duen iruzurra 130.000 euro ingurukoa izan dela adierazi dute.
Sestao Berri sozietate publikoak egindako ikerketak administratzaile horrek agerian utzi ditu Sestaoko hogei etxebizitza komunitatetan egindako irregulartasunak. Gainera, diru hori Bilboko, Getxoko, Mungiako eta Leioako beste etxebizitza komunitate batzuetako kontu korronteetara bideratu zuela ikusi dute. Kontu horietan guztietan titularra bera zela egiaztatu dute, eta, ondorioz, herri horietan iruzurra egin duen susmoa dute.
Horren aurrean, ekainaren 12an, Sestao Berri elkarteak baliorik gabe utzi zuen etxebizitza administratzaile horrekin zuen kontratua.
Sestao Berri elkartea kaltetutako etxebizitza komunitateetako presidenteekin bildu da irregulartasun horien inguruko azalpenak emateko, eta datozen egunetan xehetasun gehiago emango dituzte bizilagunekin deituko dituzten bileretan.
Sestao Berri udalerri hori eraberritzeko sortu zen sozietate publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Sestaoko Udalak osatzen dute.