Ekonomia -

Uztailak 25 eta 26

Ryanair konpainiaren grebak egunean 300 hegaldi bertan behera utziko ditu

Konpainiak azaldu duenez, lanuzteek ia 50.000 bidaiariri eragingo diete egunean, bezero guztien % 12ri, hain zuzen ere.

Ryanair konpainiako Boeing 737 hegazkin bat Dublineko (Irlanda) aireportuan. Argazkia: EFE
Ryanair konpainiako Boeing 737 hegazkin bat Dublineko (Irlanda) aireportuan. Argazkia: EFE
Ryanair konpainiako Boeing 737 hegazkin bat Dublineko (Irlanda) aireportuan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ryanair konpainiaren kabinako tripulazioek greba deitu dute uztailaren 25erako eta 26rako Espainian, Portugalen eta Belgikan. Ondorioz, egunean 300 hegaldi bertan behera geratuko dira, Irlandako airelineak gaur jakitera eman duenez. Konpainiak Forondako aireportuan lan egiten du.

Konpainiak agiri batean azaldu duenez, lanuzteek ia 50.000 bidaiariri eragingo diete egunean, bezero guztien % 12ri, hain zuzen ere.

Airelinearen arabera, Espainiatik eta Espainiara 850 hegaldi baino gehiago aurreikusita dituzte; horietatik 200 bertan behera geratuko dira (% 24). Bitartean, Portugalen eta Belgikan 100 hegaldi ez dira abiatuko.

Espainiaren kasuan, tripulatzaileei legedi nazionala aplikatzea aldarrikatuko dute langileek greban; ondorioz, kontratuak Estatuko legediak arautzea eskatuko dute beharginek.

 

"Arazoengatik gure bezeroei barkamena eskatu nahi die Ryanairrek"

 

Bertan behera geratuko diren hegaldien txartelaren dirua itzultzeko edo zazpi egun lehenago ala geroago hegazkin alternatiboetan doako hegaldiak antolatzeko bezeroekin harremanetan jarri direla azaldu du Ryanairrek ohar batean.

“Arazoengatik gure bezeroei barkamena eskatu nahi die Ryanairrek, nahiz eta saihesten saiatu”, adierazi du Kenny Jacobs komunikazio zuzendariak agiri batean. Jacobsen hitzetan, grebak “guztiz justifika ezinak” dira, eta “ez dituzte helburuak lortuko”.

Ryanair enpresan edo Crewlink Ireland eta Workforce International Contrators konpainien bidez kabinako tripulatzaile lana egiten duten behargin guztiak grebara deituta daude.

Era berean, Ryanairreko 100 bat pilotuk 24 orduko greba deitu dute Irlandan ostiralerako, guztiak airelineak zuzenean kontratatutakoak. Ondorioz, Erresuma Batuan 24 hegaldi bertan behera gertuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Europa Lana Belgika Erresuma Batua Espainia Ekonomia Albisteak Portugal Irlanda Gasteizko Aireportua