Ekonomia -

HarshLab

Europako lehenengo laborategi flotagarria inauguratu dute Bermeon

Armintzako Biscay Marine Platformean, kostaldetik 1.700 metrora, jarriko dute martxan 700.000 euroko instalazioa.

HarshLab, Europako lehenengo laborategi flotagarria / EITB.
HarshLab, Europako lehenengo laborategi flotagarria / EITB.
Laborategi flotagarria aurkeztu dute Bermeon

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako lehenengo laborategi flotagarria inauguratu dute Bermeon (Bizkaia), itsas barruko benetako ingurune batean saiakuntzak egiteko diseinatuta.

Instalazioak, Tecnalia ikerketa zentroak garatu du, Eusko Jaurlaritzaren eta dozena bat enpresak osatutako partzuergo baten laguntzarekin. 700.000 euroko kostua izan du. Bermeon emango ditu egun batzuk, eta astean zehar Armintzako kostaldean dagoen Biscay Marine Platform delakora eramango dute.

HarshLab izeneko laborategiak informazio zehatza eskuratzea ahalbidetuko du, eta materialek, osagaiek eta ekipoek ingurune kaltegarri horretan, "offshore", zer jokabide izango duten iragartzeko aukera emango du.

Uretaratzean Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu eta EEEko lehendakari Arantxa Tapiak azaldu duenez, enpresei ikerketak benetako plataforma batera eramateko aukera emango die, bere lehiakortasuna hobetuz.

Instalazioarekin, askotariko produktuak ebaluatu ahal izango dira: haize-, petrolio- eta gas-energiaren alorreko finkagarriak; urpeko maneatzaileetako monitorizazio- eta kontrol-sistemak; sistema hidraulikoak; sistema eta osagai oleohidraulikoak; piloteetan erabiltzeko hodi metalikoak; babes-estaldurak eta soluzioak; ainguratze-sistemak eta material anizkoitzeko loturak.

Itsas zabaleko energiaren merkatuetarako soluzioak hornitzen dituzten enpresei zuzenduta dago laborategia. Erreka, Credeblug, Ditrel Industrial, Glual, Hine, Navacel, Nem Solutions, Sasyma Coatings, Tubacex eta Vicinay izango dira instalazio berrietan beren sistemak probatuko dituzten lehenengoak.

Gainera, beste sektore batzuek ere baliatu ahal izango dute, hala nola, ontzigintza, komunikazioa eta kirolak, Iñaki San Sebastian Tecnaliako CEOak esan duenez.

Berrikuntza bezala, analisiak hiru zonatan egiteko aukera emango du: zipriztingunean (splash, olatuan hausten diren tokian), urpean (ur-azalaren azpian, zenbait sakoneratan) eta atmosferaren eraginpean dagoen ingurunean (ur-azalaren gainetik).

Tapia sailburuak esan duenez, "itsasoko parke teknologikoan" egongo da laborategia, hau da, Biscay Marine Platform delakoan.

"Eusko Jaurlaritzak aurrekontua urtero %5 igotzeaz gain, ikerketaren, teknologiaren eta ekoizpen prozesuen abangoardian egon nahi badugu, zati pribatua ere lagun izan behar dugu", esan du Tapiak, parte hartu duten enpresen "apustua" eskertuz.

2020rako mota honetako ehun bat proiektu martxan jartzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, eta sailburuaren arabera, legegintzaldiaren erdira heldu baino lehen, dagoeneko 68 sortu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak