Ekonomia -
Eusko Jaurlaritzaren arabera
'Oinarrizko Errentaren erregulazioak langabeziaren gorakada eragin du'
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Oinarrizko Errentaren erregulazioak enpleguaren galera ekarri beharrean, abenduan langabetuen kopurua haztea eragin du.
Javier Ruiz Eusko Jaurlaritzako Lan, Heziketa eta Gizarteratze sailburuordearen hitzetan, Oinarrizko Errentaren erregulazioak enpleguaren galera ekarri beharrean, abenduan langabetuen kopurua haztea eragin du.
Agiri batean jakinarazi dutenez, joan den hilean Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri hartu zituen Oinarrizko Errenta jasotzen zutenek beren egoera gaurkotzeko eta enplegu eskatzaile gisa aritzeko; horren ondorioz, langabetu "kopuru handi" batek beraien egoera erregulatu dute enplegu-bulegoetan.
Javier Ruizen hitzetan, Gizarte Segurantzako afiliazioak % 0,02 behera egin du soilik, hau da, 218 afiliatu gutxiago izan ditu; hori dela eta, "langabeziaren ezohiko hazkunde hori ez du enpleguaren galerarekin zerikusirik".
EAEko lan zerbitzu publikoetan zenbatutako langabe kopurua % 6,05 hazi zen 2010ean aurreko urtearen aldean, hau da, 7.760 langabe gehiago zenbatu zituzten, guztira 135.961.
Urteko azken hilabetean, langabe kopurua % 2,19 hazi zen, Lan eta Immigrazio Ministerioaren arabera.
Lurraldeka, Bizkaian hazi zen gehien langabezia, 5.634 langabe gehiagorekin, 76.129 langabera iritsi arte. Gipuzkoan 995 langabe gehiago zenbatu zituzten (guztira 39.449) eta Araban 1.171 gehiago daude 2009an baino (guztira 20.383).