Ekonomia -

Lan-gatazka

Ryanair konpainiako langileek grebara joko dute Europako hainbat herrialdetan

Hegazkin-konpainiak langileen eskubideak urratzen dituela salatuta, lan-hitzarmen duina aldarrikatzen dute.

Ryanair konpainiako langile bat bezeroekin. Artxiboko argazkia: EFE
Ryanair konpainiako langile bat bezeroekin. Artxiboko argazkia: EFE
Ryanair konpainiako langile bat bezeroekin. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ryanair hegazkin-konpainiako langileek greba egingo dute iraileko azken astean Europako hainbat herrialdetan. Italia, Alemania, Irlanda, Suedia, Holanda, Belgika, Portugal eta Espainiako langileak deitu dituzte grebara.

Hala erabaki dute langileen ordezkariek gaur Erroman egin duten bileran. Ernesto Iglesias USO sindikatuko ordezkariak adierazi duenez, oraindik ez dute lanuzterako eguna zehaztu, herrialde ezberdinetako legediak aztertu behar dituztelako lehendabizi. Nolanahi ere, irailaren 13an baino lehen hartuko dute erabakia, herrialde batzuetan horixe baita lanuztea deitzeko azken eguna.

Sindikatuek salatu dutenez, hegazkin-konpainiak langileen askatasun sindikala urratzen du, ez ditu ordainsariak errespetatzen eta atzerriko agentziek kontratako beharginak erabiltzen dituzten hegaldietan. Ryanairren jarrera Europar Batasunean "onartezina" dela erantsi dute, soldata arrakala bultzatu eta arauak urratzen dituelako.

Gauzak horrela, beharginen eskubideak aintzat hartuko dituen lan-hitzarmen duina negoziatzea exijitzen dute. Azken hiru hileotan zuzendaritzarekin hainbat bilera egin dituzte, baina konpainiak entzungorrarena egin duela kritikatu dute. Hori dela eta, grebara jotzea beste aukerarik ez dutela azpimarratu dute sindikatuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Lana Belgika Espainia Alemania Herbehereak Ekonomia Albisteak Italia Suedia Portugal Irlanda