Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Tapia: 'Diru-bilketa hazi denez, azpiegituretan inbertsioak handitu behar ditugu'

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren hitzetan, 'hauteskundeak gertu izanda zaila' da aurrekontuak aurrera ateratzea. Bestalde, dieselari Sanchezek jarri nahi dion zerga baztertu du Tapiak.

Tapia, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Radio Euskadi
Tapia, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Radio Euskadi
Aurrekontuak aurrera ateratzea 'zaila' izango da’,Tapiaren ustez

1:36

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren esanetan, "azken urteotan inbertsioek apur bat sufritu dute azpiegituren arloan, eta estu ibili gara. Diru-bilketa igo denez, une honetan arlo hori handi dezakegu".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, "errepideak, trenbide azpiegiturak, arlo logistikoa edota elektrifikazioak" aipatu ditu sailburuak diruz hornitu beharreko azpiegituren artean. "Batzuetan uste dugu azpiegiturak aipatuta, abiadura handiko trenaz bakarrik ari garela, baina bertoko azpiegiturak hobetu behar dira, zerbitzu hobea emateko", azaldu du.

Tapiaren hitzetan, "gizarte zerbitzuen kalitateari eustea eta hazkunde ekonomikoa" dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak. Aurrekontuak onartzeko aukeraz galdetuta, "hauteskundeak gertu izanda, zaila" dela aitortu du sailburuak. Dena dela, dei egin die alderdiei, bereziki Podemosi, "kontuak partidaz partida aztertzeko, aukerak proposatuz". Hori horrela, "demagogia eta beste osagai politiko batzuk" alde batera uzteko eskatu dio oposizioari.

Sailburuak erabat baztertu du Espainiako Gobernuak diesel autoei jarri nahi dien zerga. Tapiaren aburuz, "ergak jartzea askotan neurri errazena da, baina hori egin baino lehen ibilgailuak eraginkorragoak eta modernoagok egin behar dugu, hori da lehentasuna". Era berean, taxi-gidariei eta erakunde publikoei ibilgailu elektrikoak erosteko pizgarriak ematearen alde agertu da.

Arabako Errioxako ardoen harira, Tapiak esan du "Errioxako ardoaren baitan egon daitekeen jatorri azpi izendapena bat izan daitekeela, eta ezberdindu beharra dagoela, Bordeleko ardoak egin duen bezala". Azaldu duenez, "lan egiteko modua, lurra eta ardoen kalitatea ezberdina da, eta horrela aitortu digute nazioartean ere".

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Ekonomia Abiadura Handiko Trena Euskotren azken ordukoa