Ekonomia -
Auzitegi Gorena
Aldundiek ez diete enpresei kalte-ordainik eman beharko opor fiskalengatik
Foru Aldundiek ondare-erantzukizun moduan erantzuteko baldintza legalak ematen ez direla ebatzi du Auzitegi Gorenak.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko foru aldundiek opor fiskalen onuradun izan ziren enpresei kalte-ordainik eman behar ez dietela erabaki du Auzitegi Gorenak. Diru-laguntzak itzuli behar izan zituzten, 2001ean Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo ondoren.
Bere garaian opor fiskalen onuradun izan ziren enpresen aurrean, Foru Aldundiek ondare-erantzukizun moduan erantzuteko baldintza legalak ematen ez direla erabaki du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien III. Salak ebazpenean.
Horrela, Helados y Postres S.A. enpresaren helegitea atzera bota du Gorenak. Arabako Foru Aldundiari kalte-ordaina eskatzen zion errekurtsoan, ondare-erantzukizun moduan. EBk legez kanpoko eta merkatu komunarekin bateraezinak jo zituen diru-laguntzak bueltatzeko “kaltea jasan” beharrik ez zuela uste zuen enpresak.
Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak 2015ean plazaratutako sententziaren irizpidea berretsi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak 2016ko azaroan. Gorenak azken epai horren aurkako helegitea atzera bota du orain. Enpresak ondare-erantzukizuna eskatu zuen sozietate-zergan, baina Aldundiko Diputatuen Kontseiluak ez zuen eskakizuna onartu, eta enpresak akordio hura auzitara eraman zuen.
Erakundeak “oker emandako” laguntza fiskalak berreskuratzeko orduan, Aldundiak konfiantza legitimoaren edo fede onaren printzipioak urratu zituenik ukatu du III. Salak.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai bat aipatu du Gorenak. Legez kanpoko diru-laguntzen onuradun izan zirenen eskubidea urratu ez dela azaldu zuen sententzia hark, “desabantaila egoeran egongo liratekeen lehiakideena baizik”.
Helegitea aurkeztu zuen enpresak “laguntza erregimeneko zailtasunen eta, batez ere, sortzen zituen zalantzen jakitun zen”, ziurtatu du Gorenak.