Ekonomia -
Urtarrilak 27
Greba orokorrarekin bat egin dute Batasunak, EAk eta Alternatibak
"Pentsio duin bat jasotzeko" pertsona guztien eskubidea aldarrikatu dute aipatu alderdietako ordezkariek. Herritarrei "kalera ateratzeko" deia egin diete.
Erredakzioa
Sindikatu abertzaleek deitutako greba orokorrarekin bat egin dute EAk, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak, ''Euskal Herria ezkerretik'' dokumentuaren alderdi sinatzaileek, alegia.
Bilbon egindako agerraldian, "pentsio duin bat jasotzeko" pertsona guztien eskubidea aldarrikatu dute aipatu alderdietako ordezkariek, eta beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde lan egiteko "konpromezua" berretsi dute.
Hiru alderdi hauen iritziz, osteguneko deialdia "erabat justifikaturik" dago, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroan ere. Horregatik, euskal herritarrei "kalera ateratzeko" deia egin diete, "haien eskubideak defenda ditzaten".
''Euskal Herria ezkerretik'' urtarrilean adostutako dokumentuan aipatzen zutenez, "merkatuen hegemonia" mantendu nahi duten neurri ekonomikoei eta sozialei "erantzun irmoa" emango diete, langileen eskubideak "gutxiesten dituztelako".
"Erantzun irmoa eman behar zaie langileen eskubideak gutxietsiz merkatuen nagusitasuna mantendu nahi duten neurri ekonomiko eta sozialei", adierazi dute.
Batasunaren, Alternatibaren eta Eusko Alkartasunaren ustez, Espainiako Gobernuak "hitzez hitz bete ditu banku-botereen exijentziarik onartezinenak".
"Botere horien helburu bakarra haien etekin iraingarriei eustea da, guztiei, horrek hondamen kolektiboa ekarri arren. Banka pribatua da benetan gobernatzen gaituena; alegia, Zapateroren txekeak diru-gosez pilatu dituena, Estatuko zor publikoa erosita interes altuak lapurtzen dizkigun bitartean", adierazi dute.