Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Espainiako Gobernuak 'eguzkiaren gaineko zerga' kendu du
Gainera, kontsumitzaile baten edo batzuen arteko autokontsumo partekatua onartu dute; ondorioz, energia elektrikoa bidesaririk eta zordunketarik gabe autokontsumitzea posible izango da.
Agentziak | Erredakzioa
'Eguzkiaren gaineko zerga' indargabetzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Eguzki-energia fotovoltaikoaren garapena eta autokontsumo elektrikoa oztopatzen zuen zergak. Ministroen Kontseiluak errege lege-dekretua onartu du ostiral honetan.
Ministro Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, neurriarekin “Espainiaren atzerapena” arindu nahi dutela azaldu du Teresa Ribera Ekologia Trantsiziorako ministroak; izan ere, “eguzkian aberatsa den herrialde batek, Espainiak, 1.000 instalazio ditu eta Alemaniak, aldiz, milioi bat”, ez da logikoa. “Bide luzea dugu egiteko”, adierazi du Riberak.
Gainera, kontsumitzaile baten edo batzuen arteko autokontsumo partekatua onartu dute; ondorioz, eskala ekonomiak aprobetxatzea posible izango da, baita energia elektrikoa bidesaririk eta zordunketarik gabe autokontsumitzea ere.
Horrela, instalazio propioan sortutako eta kontsumitutako energiagatik autokontsumitzaileari ezarritako zordunketa ezabatu du Exekutiboak, ‘eguzkiaren gaineko zerga’ izenekoa, alegia.
Espainiako Gobernuaren ahotan, autokontsumoaren garapenak kontsumitzaileei “alternatiba merkeagoetara” heltzeko aukera ematen die. Gainera, “sare elektrikoaren beharrizanak murrizten lagundu, independentzia energetiko handiagoa sortu eta berotegi-efektuko gasen isuria murrizten du”, erantsi duenez.
Era berean, “ekologia trantsizioari lotutako jarduerak lanpostuak sortzen ditu, gure inguruko herrialdeetan demostraturik geratu den bezala”, Exekutiboak gaineratu duenez.
Iaz, maiatzean, talde politiko guztiek, Alderdi Popularrak izan ezik, inolako zergarik gabe argindarra autokontsumitzeko eskubidea babestu zuten Diputatuen Kongresuan.
Horrela, PPren Gobernuak 2015ean onartu zuen autokontsumo elektrikoaren inguruko errege dekretua indargabetu du Teresa Ribera Ekologia Trantsiziorako ministroak. Kontsumitzaileek argindar propioa sortu ahal izateko lehen araudia izan behar zuen, baina legeak polemika sortu zuen, ‘eguzkiaren gaineko zergagatik’. Auzitegi Gorenak neurria babestu zuen.