Ekonomia -

Sestaoko Naval

La Navalentzako plan publiko-pribatuaren alde egin du Eusko Legebiltzarrak

Ontziola eskuratzeko operazio publiko-pribatua "aztertzeko eta babesteko" txostena abiatzea eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarra Sestaoko La Naval ontziola eskuratzeko operazio publiko-pribatuaren alde agertu da aho batez; eta, Eusko Jaurlaritzari operazio hori abiatzeko txostena "aztertu eta babestu" dezala eskatu dio.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legez besteko proposamena joan den astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ostean hartu dute erabakia, Sestaoko La Naval ontziolaren erreskate publikoa eskatzeko, sektore estrategikoa eta EAEko ekonomiaren sutatzailea dela uste baitute.

La Navaleko zuzendaritzak eta konkurtsoko administratzaileak urria bukatu orduko, ontziola ixteko lan-erregulazio txostena aurkeztuko dutela ohartarazi ostean hartu du erabakia Legebiltzarrak. Guztira, 177 langilek egiten dute lan Sestoko ontziolan.

Ontziolaren itxiera saihesteko, Urkulluren Gobernuak bere esku dituen tresna guztiak erabiltzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak, baita berehalako inbertsio ekonomikoa ere.

La Navaleko langileek Legebiltzarreko eztabaida jarraitu dute zuzenean, eta Legebiltzarreko kanpoaldean egin dute elkarretaratzea enpresaren erreskatea eskatzeko; atzo (asteazkena) 3.000 pertsonak Sestaon egindako manifestazioan egin zuten bezala.

Trabajadores de La Naval se concentran frente al Parlamento Vasco
Trabajadores de La Naval se concentran frente al Parlamento Vasco
Trabajadores de La Naval se concentran frente al Parlamento Vasco

0:31

 

Tapiak erantzukizuna eskatu du eta La Navalentzako aukerak daudela esan du

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren hitzetan, ontziola ixteko lan-erregulazio txostena aurkeztu izana "ez du esan nahi enpresa itxiko dutenik, ezta desagertuko denik ere". Hala ere, egoera "oso larria" dela onartu du, "agian, ixteko prozesua hurbil dagoelako".

"Baina horrek ez du esan nahi irtenbiderik ez dagoenik, eta azken urteotan fase horretan sartu diren enpresa askotan hori gertatu da; inbertitzaile bat agertu da, enpresa hondotik atera eta lanean jarraitzen dute", esan du Tapiak.

Sailburuak, batetik, "esaten eta egiten denarekin erantzukizuna eskatu du", eta bestetik, "enplegua bermatzeko abiatzen ditugun ekintza guztietan segurtasun juridiko nahikoa izatea" eskatu du, "abiatutako jardueraren aurka itzuli ez dadin, horren aurrekariak ditugu eta".

Ildo horretan, erantzukizunik gabe jarduten bada "itxaropen faltsuak piztu daitezke"; hori horrela, "erreskatea eta publifikazioa ezinekoak" direla gogoratu du, Europar Batasunak "aukera hori ez duelako onartzen".

Ondorioz, La Navalen auzian Eusko Jaurlaritzaren helburua zein den gogoratu du Tapiak: "diru publikoarekin laguntzea bai, baina inbertitzaile txiki moduan eta ontziolan inbertitzen duen beste enpresa batekin edo batzuekin batera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Eusko Jaurlaritza Lana Gizartea Ekonomia Albisteak Manifestazioak La Naval