Ekonomia -

Banda marroia

Pinuen gaixotasunari aurre egiteko egitasmoa martxan jarri dute erakundeek

Zuhaitzak oxido kuprosoarekin airez tratatzeko asmoa dute, baina horretarako Espainiako Gobernuaren oniritzia behar dute. 2019ko udaberrian aplikatzea posible dela uste dute teknikariek.

Pinuen gaitzari aurre egiteko plan bateratua aurkeztu dute

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Banda marroia' izeneko gaixotasuna geldiarazteko plan bat martxan jarri dute EAEko erakundeek. Eritasunak Euskadiko pinuen % 33,15a kutsatu ditu dagoeneko. Besteak beste, basoak oxido kuprosoarekin airez tratatzeko asmoa dute, baina horretarako Espainiako Gobernuaren baimena behar dute.

Ainhoa Aizpuru, Elena Unzueta eta Eduardo Aguinaco Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Landa Ingurune foru diputatuek, hurrenez hurren, Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburua lagundu dute prentsaurrekoan, Donostian. Estrategia bateratuaren xehetasunak azaldu dituzte.

Egitasmoak hiru ardatz nagusi dituela azaldu du Tapiak: gaixotasunaren inguruko ezagutza, onddoaren hedapenari aurre egiteko neurriak martxan jartzea eta sektorea berriz suspertzea.

Eritasunaren inguruko ezagutza areagotzeari dagokionez, alde batetik, kaltetutako zonak arakatu, lursailak kaltearen arabera sailkatu eta gaixotasunaren bilakaera aztertuko dituzte. Era berean, basoak moztu ondoren, onddoak pinuen hondakinetan bizirauteko duen gaitasuna egiaztatuko dute adituek.

Bestalde, konponbide bat bilatzen saiatuko dira, basoetan tratamendu ezberdinak aplikatuz. Horrela, beste toki batzuetan arrakasta izan duten praktikak identifikatuko dituzte, eta baita adituen arteko hartu-emana bultzatu ere. Klimaren faktoreak gaixotasunaren hedapenean duen eragina aztertuko dute, Eduardo Aguinacok zehaztu duenez.

Onddoaren hedapenari aurre egiteko neurrien artean, helburua eritasuna prebenitzea, tratatzea eta aukerak bilatzea izango dela esan du Elena Unzuetak.

Gaixotasuna “aurreikus zitekeen 40 urteko monolaborantzaren emaitza” dela uste du EH Bilduk

Erakundeak basoak oxido kuprosoarekin airez tratatzeko baimen berezi bat lortzeko lanean ari direla iragarri du Unzuetak; izan ere, Exekutibo zentralaren oniritzia behar dute aplikatu ahal izateko. Antza denez, oxido kuprosoak antzeko onddoetan emaitza ona izan du beste toki batzuetan.

Tratamendua 2019ko udaberrian aplikatzea posible dela uste dute teknikariek, Unzuetak zehaztu duenez. Produktuak eraginkortasun handiena urtaro horretan duela zientifikoki baieztatu dute.

Gainera, onddoarekiko erresistenteak diren landareak inportatu; foru laguntza planetan prebentzio neurriak areagotu eta gomendatutako jarraibideekin gida bat banatuko dute.

Sektorea suspertzeko ekimenen artean, aldundien basoetan landatze esperimentalak egiteko proiektuak diseinatuko dituzte; baso diru-laguntzen plana indartuko dute, gaixorik dauden pinudiak mozteko eta espezie erresistenteekin basoberritzeko; eta eritasunarekiko erresistenteak diren pinuak bilatu eta landatuko dituzte.

Gaixotasunak “aurreikus zitekeen 40 urteko monolaborantzaren emaitza” direla uste du EH Bilduk. Koalizioaren hitzetan, EAJk pinuaren eta eukaliptoaren laborantza bakarra sustatu du bere baso politikarekin. Horrela, “espezie aniztasunaren” eta bertako zuhaitzak berreskuratzearen aldeko apustua egiten duen eredu berri bat proposatu du EH Bilduk.

“Baso politika berri baten oinarriak” ezartzeko foru arau bat proposatu dute Mikel Kormezana eta Josu Unanue Bizkaiko EH Bilduren ordezkariek, Batzar Nagusietan eztabaidatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena