Ekonomia -

Gorenaren epaia

Aldundiek amatasun prestazioei atxikitakoa itzultzea aztertuko dute gaur

Zerga Koordinaziorako Organoa goizean bilduko da, Gorenaren epaia hiru foru lurraldeetan aplikatu behar ote den argitzeko.

Artxiboko irudia: PEXELS.COM
Artxiboko irudia: PEXELS.COM
Artxiboko irudia: PEXELS.COM

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amatasun prestazioei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) egindako atxikipena itzultzea aztertuko dute hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak gaur, Zerga Koordinaziorako Organoan, prestazio horiengatik zergarik ordaindu behar ez dela erabaki baitu Auzitegi Gorenak. Epaia aztertuta, "beharrezko neurriak" hartuko dituzte Foru Aldundiek.

Gizarte Segurantzaren amatasun prestazioek ez dutela PFEZan atxikipenik izan behar ebatzi du Gorenak epai batean. Sindikatuen arabera, azken lau urteetan 1,2 milioi pertsonari 1.300 milioi euroko atxikipena egin diete Espainian. Ogasunak diru kopuru hori itzuli beharko luke orain.

Foru Ogasuna sententziaren ondorioak aztertzen ari dela adierazi zuen astelehenean Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak, baina printzipioz, horren esanetan, sententziak "ez dio PFEZaren gaineko foru arauari eragiten", Estatuko "legeari" baizik.

Gorenaren erabakiak Bizkaian zenbat pertsonari eragingo liokeen ez dakiela esan zuen foru bozeramaileak; izan ere, Aldundiak "atxikipenen bat egin zaion pertsona kopuruaren berri du, baina ez arrazoia", eta amatasuna edo, adibidez, "gaixotasun baja" izan daiteke.

Hala eta guztiz ere, itzuli behar izatekotan, 2014tik egindako atxikipenak izango lirateke, "aurrekoak preskribaturik egongo liratekeelako", Unzuetak zehaztu zuenez.

Bestalde, Arabako Foru Ogasunak oraingoz ez du amatasun prestazioei egindako atxikipena itzuliko, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan. Izan ere, horren iritzian, Kontzertu Ekonomikoari esker, Gorenaren epaiak ez du eraginik foru ogasunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Umeak Zergak gaur