Ekonomia -
Lan-gatazka
Aste honetako bigarren greba-eguna dute gaur Gipuzkoako zahar-etxeetan
Atzoko lanuzteak 'erabateko' jarraipena izan zuela eta, pozik agertu zen ELA sindikatua. Halere, ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla salatu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru greba-egun deitu ditu ELA sindikatuak Gipuzkoako zahar-etxeetan aste honetarako. Atzo egin zuten aurrenekoa, eta sindikatua pozik agertu zen, jarraipena "erabatekoa" izan zelakoa.
Ohar batean, Gipuzkoako zaharren egoitza, eguneko zentro eta babespeko etxebizitza lagunduetan egindako greba-egunak "arrakasta" izan zuela azpimarratu zuen ELAk. Sindikatu abertzalearen hitzetan, langileak "batzuek uste dutena baino indartsuagoak dira".
Jaurlaritzak ezarritako "gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan ziren", ELAren hitzetan, "bost langiletik lauk lan egin behar izan zutelako". "Horrek greba-eskubidea urratu egiten du", greba deitu dutenen iritzian.
"Honi patronalaren proposamen onartezina gehitzen baldin badiogu, gaurko greba-eguna arrakastatsua izatea lortu dute. Askok pentsatzen dutena baino askoz indartsuagoak garela erakutsi dugu. Gure borroka gizarteratzeko ELAren konpromisoaren ikur bihurtu dira gaurko irudiak; esnatu eta isilduko ez den sektore baten sendotasuna agertu dute", adierazi zuen sindikatuak.
Ostegun eta ostiral honetan beste bi greba-egun izango dira. Gainera, LABek ostiraleko deialdiarekin bat egin du, sektoreko patronalek hitzarmen kolektiboa negoziatzeko "borondate gutxi" dutela iritzita.
Irailaren 28ko eta aste honetako greba-egunen ostean, ELAk lanuzteak deitu ditu azaroaren 26, 27, 28 eta 29rako, eta abenduaren 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31rako.