Ekonomia -
LAN GATAZKA
Greba-eguna Gipuzkoako zahar-etxeetan eta Bizkaiko etxez etxeko laguntza-zerbitzuan
ELAk asteon Gipuzkoako adinekoen egoitzetan deitu duen hirugarren lanuztea da; LABen kasuan, lehena. Bizkaian, etxez etxeko laguntza zerbitzuan deitutako hamahiru greba-egunetako lehena egin dute.
EITB.EUS
Asteko hirugarren greba-eguna egin dute ostiralean Gipuzkoako zahar-etxeetan, ELAk deituta, asteazkenean eta ostegunean egindakoen ondotik. Gainera, LAB deitutakoa ere izan da, 5.000 pertsona lan egiten duten sektore honetan. Bizkaian etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere lehenengo greba-eguna izan dute. Halaber, Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak greba mugagabean daude urriaren 22tik.
Irailaren 28ko greba-egunaren eta aste honetako greba-egunen ostean, ELAk lanuzteak deitu ditu azaroaren 26, 27, 28 eta 29rako, eta abenduaren 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31rako Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
ELAk deituta, elkarretaratzea egin dute 10:30ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusia ere bertan izan da. Gero, manifestazioa egin dute.
Muñozek salatu duenez, "zainketen lana negozio bezala diseinatu dute" erakundeek, eta greban dauden langileei ohartarazi die Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diela "banan-banan inoiz" kasurik egingo. Horregatik, patronalak eta Aldundia negoziatzeko "behartzera" animatu ditu, "borroka antolatuaren eta taldearen indarraren bitartez".
Bere hitzaldian, ELAko idazkari nagusiak agintarien martxoaren 8ko argazkiak salatu ditu, "hipokresia hutsa" direlako, euren erabakiak "soilik enpresa handien aldekoak" direlako.
"Gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzea da emakumeen berdintasunik eza egiten dioten ekarpena, protestatzen dutenak armarik gabe uzteko, oinarrizko eskubide bat erabili ez dezaten", esan du Muñozek. Gipuzkoako grebalariek Bizkaiko zahar-etxeetako langileen laguntza izan dute. Iaz, 365 greba-egunen ostean, hitzarmen bat lortu zuten.
Sindikatuen batasun eza
LABek ere lanuztea egin du Gipuzkoako zahar-egoitzetan, sektoreko patronalek hitzarmen kolektiboa negoziatzeko "borondate gutxi" dutela argudiatuta. Sindikatuak "borroka areagotzea" eta gaurko deialdia egitea erabaki du. Dena den, ez du baztertzen greba-egun gehiago deitzea, egoerak bere horretan jarraitzen badu.
Beste kontzentrazio bat egin dute erresidentzietako, eguneko zentroetako eta zaindutako pisuetako 50 bat langilek, 12:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, sindikatu abertzaleak deituta.
Leire Ormazabal bozeramaileak esan duenez, mobilizazioekin eta "borroka areagotzen" jarraituko dute sektoreko lau patronalek "ez badute jarreraz aldatzen" eta Aldundiak, "erantzule nagusi" bezala, "ez badio beste alde batera begiratzeari uzten eta ez badu esku hartzen".
Ormazabalek LAB eta ELAren arteko batasun eza azaldu du. Esan duenez, “ELAk alde bakarretik deitu zituen greba-egunak, ez zituen gainontzeko sindikatuak kontuan hartu eta bakoitza bere bidea hartzen ari da”.
Lanuztea Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan
Bizkaian, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek ELA, LAB eta USO sindikatuek deitutako hamahiru greba-egunetako lehenengoa egin dute gaur. Probintzia mailako hitzarmena eskatzen dute.
Bizkaiko 1.500 langile inguru daude deituta, lan baldintzak "duin" bihurtuko dituen hitzarmen baten alde.
Kasu honetan, 10:30ean egin dute elkarretaratzea Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean. Gaurkoaz gain, beste hamabi lanuzte egingo dituzte urte amaiera bitartean: urriaren 29an, azaroaren 22, 23, 26 eta 27an eta abenduaren 24, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31n.
ELA, LAB eta USO sindikatuak "oso positibotzat" hartu dute lehenengo greba-egunaren jarraipen "masiboa", "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri dituzten arren.
UGTk, bestalde, geratzen diren 12 greba-egunekin egin du bat patronalarekin bildu ostean, "2015etik berritu gabe dagoen hitzarmenean mugitu gabe jarraitzen duela" egiaztatu duelako.