Ekonomia -

Euskal Aurrekontuak 2019

EAJrekin eta PSE-EErekin aurrekontu akordioa lortzea 'hurbil' ikusten du Otegik

Arnaldo Otegiren ustez "akatsa" litzateke, Aurrekontuen afera luzatzeko, itzulipurdika ibiltzea eta akordioa saihestea, edo beste alderdiren batekin kontuak adostea (PPri zeharkako aipamen eginda).

Arnaldo Otegi. Artxiboko argazkia: EFE
Arnaldo Otegi. Artxiboko argazkia: EFE
Otegik 'gertu' ikusten du akordioa EAJrekin eta PSErekin

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "gertu" ikusten du, 2019ko euskal Aurrekontuen aferan, EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa lortzeko aukera. Horrek "milaka euskal herritarren bizi baldintzak hobetuko lituzke", eta, Otegiren ustez, "akatsa" litzateke, itzulipurdika ibiltzea eta akordioa saihestea, edo alargunen, pentsiodunen, gazteen eta emakumeen interesak defendatuko ez dituen beste alderdiren batekin kontuak adostea (PPri zeharkako aipamen eginda).

Onda Vasca irrati-katean egin dioten elkarrizketan, Otegi "baikor" agertu da akordioa erdiesteko "aukera dagoelako", eta esan du pentsio baxuenak osatzeko 350 milioi eta enplegurako 70 milioi bideratzea ez dela "hainbesterako". "Herrialde honek nahikoa aberastasun sortu du, beraz, alargunek eta pentsiodunek bi aldiz pentsatu gabe piztu beharko lukete berogailua neguan", gaineratu du.

Horregatik, beharrezkotzat jo du akordioa hitzartzea, "dirua dagoelako, eta diru hori zertan xahutzen den lehenesten jakin behar delako".

"Berehala bildu beharko ginateke, pentsioen sistema politiko bat diseinatzeko", azpimarratu du Otegik pentsioak Aurrekontu Publikoekin osatzea nahitaezkoa dela gogora ekarrita.

2019ko Udal eta Foru hauteskundeen ondotik, EH Bildurekin eta PSE-EErekin "aldaketa gobernuak" bultzatzeko Elkarrekin Podemosek egindako planteamenduaren harira, adierazi du ez duela gustuko izaten programarik ez duen alderdi baten mesederako, beste alderdi bat boteretik kentzea.

"EAJ erditik kendu nahi dute, baina zertarako?", galdetu du Otegik. Ildo horretan, lehenik eta behin helburuak finkatu beharko liratekeela azaldu du Otegik. "Udalerri batzuetarako aukera ona litzateke, baina oraindik urruti dagoen agertoki bat aurreratzen ari gara", zehaztu du.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiarekin irailean izandako ustezko hitzorduaz ere galdetu diote, eta ergi utzi du hasieratik esan zuela ez zuela ezertxo ere kontatuko, "ezta bilerarik egon den zehaztuko ere".

Gizarte-Segurantzaren eskuduntza

Pentsioen eskuduntzari dagokionez, nabarmendu du Espainiako Gobernuari dagokion gai bat dela, "nahiz eta komeniko litzakeen gutxienez Gizarte-Segurantzaren eskuduntza berehala ematea, modu horretan pentsioen euskal sistema publikoa diseinatu ahal izateko".

Otegiren iritziz, EH Bilduk egindako proposamena ardatz hartuta, "ona" litzateke pentsioak Aurrekontu Publikoen bidez osatzea. "Guk hori egingo bagenu, etorkizuneko agertoki batera gerturatuko ginateke, mundu guztiak baitaki pentsio publikoak egoteko beharrezkoa dela horiek Aurrekontu Publikoen bitartez osatzea", bukatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko Aurrekontuak 2024