Ekonomia -

Hipoteken zergak

Bankuek ez dute ordainduko Estatuari, Elizari eta alderdiei emandako hipoteken zerga

Gurutze Gorria eta ONCE bezalako erakundeak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak, aurrezki-kutxak eta banku-fundazioak ere salbuetsita daude.

Hipoteka baten sinatzea / Irudia: EITB.
Hipoteka baten sinatzea / Irudia: EITB.
Hipoteka baten sinatzea / Irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 10etik aurrera, bankuek bere gain hartuko dute egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ordainketa. Hipotekak zergapetzen ditu, eta orain arte bezeroei zegokien ordaintzea. Bankuek, hala ere, ez dute Eliza, ordezkapena duten alderdi politikoak eta Estatua bezalako erakundeei ematen dieten hipoteken zerga ordaindu beharko.

Ostegunean Ministroen Kontseiluak onartutako errege lege-dekretuak zerga hori nork ordaindu behar duen zehaztu zuen, Auzitegi Gorenak tasa hori bezeroak bere gain hartu behar zuela ezarri arren, aurreko hiru epaik esandakoaren kontra.

Arau berriaren arabera, hipoteka-maileguen eskrituren kasuan, mailegu-emailea izango da subjektu pasiboa, hau da, bankuek ordaindu beharko dute, hori ordaintzetik salbuetsita dauden erakundeen hipoteken kasuetan izan ezik.

Estatuak eta lurraldeko administrazio publikoak, adibidez, salbuetsita daude.

Parlamentuan ordezkapena duten alderdi politikoak, Espainiako Gurutze Gorria, ONCE Espainiako Itsuen Erakundea, Leku Santuen Benefizentzia eta Eliza Katolikoa eta Estatuarekin lankidetza hitzarmenak dauzkaten komunitate erlijiosoak ere salbuesten ditu legeak.

Erregimen fiskal bereziak babestutako irabazi-asmorik gabeko elkarteek ere ez dute ordaindu behar. Horiek dira, esaterako, fundazioak, onura publikoko elkarteak, zenbait gobernuz kanpoko erakunde eta kirol-federazioak.

Aurrezki-kutxak eta banku-fundazioak ere salbuetsita daude, gizarte-ekintzara zuzenean bideratutako erosketengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hipotekak Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika gaur