Ekonomia -
Lan gatazka
Itunpeko ikastetxeek greba egingo dute azaroaren 27tik 30era
Sindikatuek greba deialdia erregistratu dute ostegun honetan. Patronalek, berriz, langileen ordezkariak deitu dituzte ostiral honetan bilera egiteko.
Agentziak | erredakzioa
Soldata eta lan baldintzak hobetzeko, itunpeko euskal ikastetxeetan azarorako aurreikusitako greba deialdia mantentzen dute ELA, Steilas, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek. Patronalak, berriz, sindikatuok deitu ditu ostiral honetan, azaroaren 16an, bilera egiteko.
Iazko ikasturtean hiru greba egun egin zituzten, eta aurtengoan jada bi egun gelditu ziren urrian. Sindikatuek azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako lanuzteak erregistratu dituzte, ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean.
Miren Zubizarreta ELAko ordezkariaren esanetan, urtebete eman dute Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalekin harremanik izan gabe, baina biharko (ostirala) bilera egiteko deitu dituztela iragarri du. Horren harira, langileen aldarrikapenetatik "oso urrun" dagoen ezer proposatzen badute mobilizazioei eta grebei eutsiko dietela ohartarazi du.
Patronalak "nolabait mugimenduren bat egitera behartuak ikusi dira" aurreko greben ondorioz, eta biharko bilera deialdia horren adibide zuzena dela azaldu du sindikatuko ordezkariak.
"Ea zer gertatzen den bihar. Argi dugu edozerk ez digula balio izango, eta 2017ko azaroan proposatutako berdinak edo antzekoak ekartzen badizkigute, ez da nahikoa izango", adierazi du Zubuzarretak.
Gizarte-ekimenezko ikastetxeetako 8.200 langile grebara deituta daude. Grebak 120.000 ikasleri eragingo die; itunpeko irakaskuntzaren % 70ri (ikastolak bertan ez baitira sartzen), hain zuzen.
Sindikatuen aldarrikapenak
Langileen ordezkariak eta patronalak 2017ko azaroan bildu ziren azkenekoz. Sindikatuek gogorarazi dutenez, ia 10 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe.
Hori horrela, soldatak eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute. Izan ere, euren hitzetan, % 10ko soldata-galera eta lan-karga "izugarria" dute.
Besteak beste, honako eskaerak plazaratu dituzte: langileen erosahalmena berreskuratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezitzaileen soldata parekatzea, enpleguari eusteko akordioa hitzartzea, eta jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz itxi daitezkeen ikasgelen ondorioz gal daitezkeen postuak mantentzea.