Ekonomia -

Lan-erregulazioko espedientea

Amaitu da La Navaleko langileek ontziolan egin duten bigarren itxialdia

Epaitegiak lan-erregulazioko espedientea onartu ondoren, zortzi orduko itxialdia egin dute: asteleheneko 22:00etatik astearteko 06:00etara.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Navaleko langileek ontziola barruan eman dute gaua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Navaleko langileek zortzi orduko bigarren itxialdia egin dute bart Sestaoko ontziolan, hain zuzen ere, epaitegiek lan-erregulazioko espedientea onartu ondoren. Itxialdiari amaiera emateko, sirena jo dute eta hainbat pneumatiko erre dituzte enpresaren atarian. Horien esanetan, beharginak "indartsu" daude eta ez dute baztertzen itxialdi gehiago egitea.

Itxialdia astelehen gaueko hamarretan hasi eta astearte goizeko seietan amaitu da.

Ontziolako 177 beharginak kaleratzeko lan-erregulazioko plana onartu duela jakinarazi zion asteazkenean epaitegiak enpresari, eta enpresa-batzordeak jaso du jakinarazpena, enpresa-batzordeko iturriek azaldu dutenez.

Elkarrekin Podemos: "Erreskate publikoa legezkoa da"

Ingurumari horretan, La Navalen auzia konpontzeko erreskate publikoaren alde egin du Elkarrekin Podemosek. Ezkerreko koalizioaren hitzetan, ontziolari diru publikoarekin laguntzeak ez du Europako arautegia urratzen, epe ertain-luzera bideragarritasun plan bat badago behintzat.

Podemoseko bi legebiltzarkide Xabier Benito eurodiputatuarekin batera azaldu ziren astelehenean prentsaurrekoan. Benitok azaldu zuenez, azaroaren 8an Europar Batasuneko Lehiarako Bulegoko arduradunekin bildu zen, eta batzar hartan argi utzi ziotenez, Europako Batzordeak ez du oraingoz "La Navali eman ahal zaizkion laguntza publikoez adierazpen ofizialik egin".

"Likidazio prozesuaren ostean, diru publikoa sar daiteke ontziolan. Gakoa epe ertain-luzera bideragarritasun plan bat izatea da", azaldu zuen Benitok. Are gehiago, parte hartze publikoak ez duela mugarik argitu du (Jaurlaritzak % 49koa behar duela dio), eta Frantziako eta Italiako kasuak aipatu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao EAE Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval Lan gatazkak