Ekonomia -
Lan gatazka
Greba 'arrakastatsua' egin dute epaile eta fiskalek, lan baldintza hobeak eskatzeko
Estatu osoan deitutako hirugarren greba egunean, "justiziak askatasunez jokatu ahal izatea, eta politikak epaileen jardunean eraginik ez izatea" exijitu dute euskal epaile eta fiskalek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako epaileek eta fiskalek greba eguna izan dute astelehen honetan. Estatu osoan deitutako lanuzteak aldarrikapen bateratua izan du: "justiziak askatasunez jokatu ahal izatea, eta politikak epaileen jardunean eraginik ez izatea". Hori horrela, hainbat epaiketa bertan behera utzi behar izan dituzte, Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak jakitera eman duenez.
13:00ak jota, Epaileriako eta Fiskaltzako 50 langile inguru elkartu dira Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregiaren Aurrean. Han, bost minutuko isilunea gorde dute, "Justiziaren duintasuna, bitarteko duinak aldarrikatzen ditugu. Herritarren defentsan, Justizia independentea eta politikaren esku-sartzerik gabekoa eskatzen dugu" leloa zeukan pankarta batekin.
Geroago, Bilboko epaile dekanoak agiri bat irakurri du, beste behin ere, Zuzenbidezko Estatua zalantzan jarri dela kritikatzeko.
"Botere Judiziala eta Legegilea errespetatu gabe, hainbat alderdi politikok Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidentea aukeratu dute. Egoera jasanezina da, eta horregatik atera gara kalera, protesta egitera", dio testuak.
Uriartek ziurtatu du maiatzeko grebatik hona ez dela "ezer aldatu", nahiz eta Espainiako Gobernuan aldaketa egon den.
Lanuzteak jarraipen “masiboa” izan du Euskadin, Uriartek azaldu duenez.
Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, Euskadiko 239 epaile eta magistratuetatik 86k greba egin dute, hau da, % 36k. Horrela, Bizkaian 49 epailek eta magistratuk babestu dute lanuztea, Araban 14k eta Gipuzkoan 23k.
Bestalde, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak agiri bat sinatu du, bere kargu instituzionalak “gure esparru profesionalean presio neurri kolektiboekin” bat egitea eragotzi diola gogorarazteko. “Bidezko aldarrikapen legitimoei eta baldintza profesionalen hobekuntzari” babesa adierazi die Ibarrak.
Gasteizen, epaile eta fiskalen “gehiengo oso zabal batek” greba egin du, Jose Luis Nuñez bertako epaile dekanoak jakinarazi duenez. Arabako Justizia Auzitegian epaiketak bertan behera utzi behar izan dituztela ziurtatu du.
Gainerako hiriburuetan bezala, magistratuek eta fiskalek elkarretaratzea egin dute 13:00ak aldera, Gasteizko egoitza judizialaren ate aurrean, eta manifestu bat irakurri dute ondoren.
Donostian, togekin jantzita, 20 bat epailek ordu laurdeneko elkarretaratzea egin dute isilik, Justizia Jauregiaren aurrean. Ricardo Bandres bertako epaile dekanoak agiri bat irakurri du ondoren.
Botere Judizialaren Kontseilu nagusiak emandako irudia kritikatu dute epaileek eta fiskalek
Era berean, Nafarroako epaileek eta fiskalek greba egin dute. Itun politikoen ondorioz Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako irudia kritikatu dute, eta gizarteari kalitatezko justizia eskaini ahal izateko independentzia eta baliabideak aldarrikatu dituzte.
Iruñeko epaileen % 91k lanuztea babestu dute. Paz de Benito bertako epaile dekanoaren hitzetan, “arrakasta deitoragarri bat izan da, greba egin behar ez izatea nahiko genuke eta”. Lan-karga “osasungarri” bat lortzeko baliabide gehiago eskatzen jarraituko dutela ohartarazi du Benitok, baita lan baldintza eta soldata “duinak” ere.