Ekonomia -
Mobilizazioa
Lantegi Batuak-eko langileak lan-hitzarmen 'justu' baten alde manifestatu dira Bilbon
% 0,75 eta 1,7 arteko soldata-igoerak proposatu ditu enpresak. Enpresa-batzordearen esanetan, proposamen hori "oso eskasa eta zuhurra" da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lantegi Batuak enpresako langileek manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilbon, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, lan-hitzarmen "justu" baten alde. Lantegi Batuak enpresako langile gehienak desgaitasun fisikoak dituzten pertsonak dira.
Bilboko Kale Nagusian egin dute mobilizazioa, eta "borroka hau irabaziko dugu" bezalako oihuak izan dira entzungai. Enpresa-batzordeak azaldu duenez, aurreko lan-hitzarmena 2017ko abenduan iraungi zen, eta berri bat negoziatzen dabiltza.
2018 eta 2020ra bitartean, gutxien kobratzen dutenentzat (15.564 euro), urtero batez besteko % 1,7ko igoera proposatu du enpresak, eta % 0,75eko igoera gainerakoentzat. Enpresa-batzordearen iritzian, proposamen hori "oso eskasa eta zuhurra" da. Ondorioz, abenduan zehar izango diren mobilizazioak iragarri dituzte.