Ekonomia -

PROTESTAK HIRIBURUETAN

Milaka jubilatu atera dira kalera, gutxienez 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzeko

Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen egin dituzte protestak, pentsioen sistema publikoari eustea eskatzeko, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa defendatzeko.

Jendetza Bilboko manifestazioan. Argazkia: Euskadi Irratia/Radio Euskadi
Jendetza Bilboko manifestazioan. Argazkia: Euskadi Irratia/Radio Euskadi
Pentsio duinen aldeko aldarria berriro, Hego Euskal Herriko hiriburutan

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka jubilatu eta pentsiodun irten dira larunbat honetan kalera pentsio sistema publikoa defendatzera eta gutxieneko pentsioa 1.080 euroko izan behar dela aldarrikatzera. Pentsiodunen iritziz, Eusko Jaurlaritzak badu eskumena pentsio minimoak 1.080 eurora iritsi arte osatzeko; eta orain arte lortutakoa, pentsioak urtero KPIaren arabera eguneratzea, ez dela nahikoa uste dute.

Bilbokoa izan da EAEko manifestaziorik jendetsuena. 25.000 pertsona -Udaltzaingoaren arabera- abiatu dira 17:00etan Jesusen Bihotzetik "pentsio publiko duinak" zioen pankartaren atzetik.

Manifestari asko Bizkaiko pentsionistek erabiltzen dituzten lepoko zapi gorriekin joan dira protestara, eta "Pentsionistak aurrera", "Lapurrak alde instituzioetatik", "Borroka hau irabaziko dugu" eta antzeko leloak  bota dituzte. Barakaldoko, Sestaoko, Galdakaoko eta Bizkaiko beste hainbat tokitatik joandako pentsiodunak hartu dute parte manifestazioan, euren pankarta propioekin. ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariak eta EH Bildukoak ere ikusi ahal izan dira martxan.

Manifestazioaren amaieran, manifestua irakurri dute Bilboko Udalaren atarian. Hala, Bizkaiko pentsiodunek EAEko eta Espainiako Gobernuei "presioa egiten jarraituko" dutela iragarri dute, "gure aldarrikapenek erantzun justua jaso arte".

Mezu bera zabaldu dute pentsiodunek Donostian ere. Ehunka pertsonak hartu dute parte Donostiako kale nagusietan barna garatu den manifestazioan. Aurrekontuen erabilera soziala defendatu dute jubilatuek: "badakigu dirua badagoela, eta horrelako gauzetarako erabili behar dela. Beraz, borrokan jarraituko dugu".

PENTSIODUNAK  PENSIONISTAS DONOSTIA

Donostiako manifestazioa. Foto: Euskadi Irratia

Pasaiako, Arrasateko, Lasarteko eta Bidasoa aldeko jubilatu elkarteek ere parte hartu dute Donostiako protestan.

Iruñean 17:00etan hasi da manifestazioa. "Beste edozein gasturen aurretik pertsona guztiek duintasunez bizitzeko duten eskubidea lehenesteko" eskatu diote politikariei. Aurrekontuak negoziatzerako garaian lehentasun horiek argi izatea eskatu dute: "Dirua zertan erabili erabakitzerako garaian lehentasunak ezarri behar dira, eta abiapuntuan pobrezian bizi diren milaka pertsona horiek egon behar dute" esan du Joaquin Almoguera bozeramaileak: "Pentsiodunon iritziz, agintarien lehen betebeharra pertsonak duintasunez bizitzea da, zorren ordainketen gainetik, aberatsekiko lagunkeriaren gainetik, alderdikerien gainetik, eta gastu ororen gainetik. Horretara egokitu behar dira aurrekontuak" esan du. Hala, Europako Gutun Sozialaren gomendioak aplikatu eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu du, eta hori lortu bitartean, 900 euroko gutxienezko pentsioa egotea, onartu nahi den LGS edo Lanbide arteko Gutxieneko Soldata bezala. EH Bilduko eta I-Eko kideek ere hartu dute parte manifestazioan.

Gasteizen, 18:00etan abiatu da manifestazioa Artiumetik. Beste hiriburuetako leloak eta aldarrikapenak errepikatu dira Arabako hiriburuan ere. Iñaki Martin Arabako Pentsionistak kolektiboko kidea "haserre" agertu da EAJrekin, 2019ko aurrekontuak EH Bildurekin adosteko "nahikoa esfortzu egin ez duelako". Akordio hori eginez gero, pentsio txikienak RGI edo diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatuko liratekeenez, Eusko Jaurlaritzak Patxi Lopezen garaian eta Urkullu beraren garaian prestazio horietan egindako "murrizketei buelta emateko aukera galdu" dela iritzi dio.

Eibarren eguerdian egin dute manifestazioa. Han ere, eskakizun berberak egin dituzte, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea ere protestan izan da. Elgoibarren eta Bergaran ere goizean egin dira mobilizazioak.

Espainiako Estatuko hiriburu guztietan zeuden deituta gaurko mobilizazio hauek.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Eibar Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Pentsioak