Ekonomia -

Euskal Enplegu Zerbitzua

4.000 lanpostu berri sortzeko plan berezia iragarri du Lanbidek

Aldi baterako kontratuak sortzea eta oinarrizko errenta jasotzen ari diren gazteei lan aukera ematea da egitasmo honen helburua. 42 milioi euro bideratuko dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lanbidek, 42 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Euskal Autonomia Erkidegoan 4.000 kontratu berri sortzeko. Aldi baterako kontratuak sortzea eta oinarrizko errenta jasotzen ari diren gazteei lan aukera ematea da egitasmo honen helburua.

Gaur Gemma Zabaleta Gizarte Gaietako sailburuak eta Nuria Lopez de Guereñu Confebaskeko idazkari nagusiak azaldutakoaren arabera, Lanbidek urte osorako duen aurrekontuaren erdia bideratuko dute programa hau martxen jartzeko.

Enpresei bideratutako laguntzak biltzen dituen programa da gaur aurkeztu dutena. Orotara 42 milioi euro eskainiko dituzte 4.000 lanpostu sortzeko xedearekin.

Enpresei baldintza zehatzak ezarriko dizkio Lanbidek: kontratuak lanaldi osokoak izan daitezela, eta sei hilabeteko iraupena izatea.

Modu honetan, gizarteari "balio erantsia" emango dioten kontratuak sortu nahi ditu Lanbidek, Zabaletak gaur azaldu duenez. Ingurumenaren, teknologia berrien edota kultura eta hezkuntzarekin zerikusia duten lanpostuak izango dira.

Sei hilabeteko epea amaituta, enpresek erabaki beharko dute kontratu horiei luzapena eman ala ez. Gehien bat, "gazteentzat eta oinarrizko errenta jasotzen dutenentzako programa izango da" gaur onartu dutena.

Kontratu ezberdinen arabera, hiru laguntza mota onartu ditu Lanbidek: 1.500 euro, 1.700 euro eta 1.900 euro, beti ere langileak duen mailaren arabera. Diru hori enpresei emango dio Lanbidek, soldatak ordaindu ahal izateko.

Gaur aurkeztutako neurriarekin, bi astetan 110 milioi euroko inbertsioa egin du Lanbidek, bere arduradunek azpimarratu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea