Ekonomia -

Frantzia

Gutxienez 34 atxilotu Parisen, 'txaleko horien' zortzigarren protesta egunean

Alemaniako Finantza ministroak ohartarazi duenez, litekeena da Frantziako 'txaleko horien' protestak Alemanian ere gertatzea.

Atzo Parisen izandako istiluetako irudia. Argazkia: EiTB
Atzo Parisen izandako istiluetako irudia. Argazkia: EiTB
50.000 lagun inguru larunbat honetan 'txaleko horiek' egindako istiluetan

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Poliziak baieztatu duenez, gutxienez 34 lagun atxilotu dituzte larunbat honetan Frantziako hiriburuan zortzigarren larunbataz jarraian 'txaleko horiek' deitutako protestatan. Dena dela, segurtasun indarrek ez dituzte zauritu kopuruen gaineko xehetasunik eskaini.

Gauzak horrela, 'txaleko horiek' Parisko erdiguneko kaleak hartu dituzte berriro ere, baita Frantziako hainbat hirietakoak ere, hala nola, Lyon, Rouen, Reims, Marseilla, Grenoble, Saint-Brieuc eta Saint-Lô.

Eliseo Zelaietako inguruetan bildutako manifestariek Emmanuel Macron presidentearen dimisioa eskatu dute, eta 500-600 bat manifestarik asanblada egin dute Garaipenaren Arkutik oso gertu. "Larunbatero hemen egongo gara, 2019an zehar, herritarrek botorea berreskuratu bitartean. Estatua herritarrek beraiek antolatzea nahi dugu", esan du asanbladaren parte-hartzaileetako batek.

'Txaleko horien' mobilizazioak Parisen indarra galdu badu ere, oihartzun handia izaten jarraitzen du. Protestak hasi zirenetik, 1.500 manifestari eta 1.100 polizia baino gehiago zauritu dira, eta 10 pertsona hil dira, barrikadetan eta errepide-mozketetan izandako ezbeharretan.

Emakumeen mobilizazioa

Bestalde, emakume 'txaleko horiek' hainbat manifestazio egin dituzte Frantziako hainbat puntutan, tartean, Parisen bertan, Toulousen, Caenen, Saint Nazairen eta La Rochellen. Mobilizazio baketsuak izan dira, ez da istilurik izan, 'txaleko horien' aldarrikapenei beste irudi bat emateko asmoz.

Parisen, Bastille plazan bildu dira ehunka emakume, eta Errepublika eta Opera plazeetara abiatu dira, segurtasun neurri handien artean.

Protestak ere Alemanian zabaltzeko aukera

Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministroak eta kantzelariordeak ohartarazi duenez, litekeena da Frantziako 'txaleko horien' protestak Alemanian ere gertatzea.

"Gutxietsi ezin dugun potentziala dago Alemanian ere, eta ezin dugu ez ikusiarena egin", adierazi du Scholzek 'Bild am Sonntag' Alemaniako kazetari eskainitako elkarrizketan.

Finantza ministroak gogora ekarri duenez, bizitza-kostu altuagatik protestatzeko manifestazioak izan dira dagoeneko Alemanian, eta horrekiko ezinegona "klase ertainean ere zabaldu da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Manifestazioak Emmanuel Macron