Ekonomia -

AENA-ren datuak

2018a, urte historikoa Hego Euskal Herriko aireportuentzat

Bilbokoak 5,46 milioi bidaiari erdietsi ditu. Iruñekoa (% 24,1) eta Donostiakoa (% 2,7) ere hazi egin dira. Gasteizko Aireportuarentzat inoizko urterik onena izan da merkantzien garraioan.

Inoizko urte onena izan du Bilboko Aireportuak 2018a. EFE
Hegazkin bat Bilboko Aireportuan lur hartzen.
Inoizko urte onena izan du Bilboko Aireportuak 2018a. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazkoa urte ona izan da Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aireportuentzat, historikoa kasu batzuetan. AENAk emandako datuen arabera, denek egin dute gora bidaiarien eta merkantzien —Arabakoaren kasuan— kopuruan.

Iruñeko Aireportuak izan du hazkunde handiena (% 24,1), eta Bilbokoak marka erdietsi du, 5,46 milioi bidaiarirekin (2017an baino % 10 gehiago). Merkantzien garraioan, Forondako aireportuak inoizko urte onena izan du: 62.156 tona merkantzia garraiatu ditu.

Bilboko Aireportuak 5.469.453 bidaiarirekin itxi du urtea. 1948an inauguratu zutenetik izandako marka onena lortu du aireportuak, AENAren esanetan.

Estatu barruko zein nazioarteko hegaldietan, bietan, egin du gora bidaiarien kopuruak: hurrenez hurren, 3.127.657 bidaiari (% 10,5eko igoera), eta 2.326.994 (% 9,1).

Bestalde, % 24,1eko igoerarekin itxi du urtea Iruñeko Aireportuak. Guztira, 205.503 pertsonak erabili dute Noaingo aireportua. Operazio kopuruak ere gora egin du: 6.422 mugimendu, 2017an baino % 13 gehiago.

Donostiako Aireportuak ere datu onak izan ditu. % 2,7 hazi da bidaiarien kopurua (guztira, 289.444). Dena dela, operazioek % 7,4 egin dute behera, 2017ko datuekin alderatuta. 6.415 lur hartze eta aireratze zenbatu dituzte.

Azkenik, historikoa izan da 2018a Gasteizko Aireportuarentzat: 62.156 tona mugitu ditu, 2017an baino % 2,8 gehiago.

Bidaiariei dagokienez, 140.945 lagunek erabili dituzte Forondako instalazioak, 2017an baino &% 67,3 gehiago. Operazioek ere gora egin dute: 9.755 mugimendu, % 15,6ko hazkundea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Iruñea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gasteizko Aireportua Hondarribiko aireportua Iruñeko aireportua gaur Merkantzia-garraioari buruzko albisteak