Ekonomia -
Lan gatazka
Bizkaibuseko langileek Pesalurrekin erdietsitako aurreakordioa bozkatuko dute
CCOO, UGT eta USO sindikatuek sinatu dute. ELA eta LAB (gehiengoa dira) kontra azaldu dira. Pesalurrek Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian eskaintzen du zerbitzua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaibuseko Pesalur enpresa emakidaduneko langileek batzarrean bozkatuko dute CCOO, UGT eta USO sindikatuek larunbatean patronalarekin sinatutako aurreakordioa. ELA eta LAB sindikatuek (gehiengoa dute), ordea, aurreakordio hori baztertu eta greba mugagabeari eustea eskatu dute.
Pesalur Bizkaibus zerbitzua eskaintzen duen enpresa emakidadunetako bat da, eta Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian eskaintzen du zerbitzua.
Langileen batzarrak 10:00etan izango dira goizeko txandan, eta 16:30ean, arratsaldekoan.
CCOO, UGT eta USO sindikatuen arabera, sinatutako akordioa "ona" da. UGTk zehaztu duenez, hiru urteko lan-hitzarmena adostu dute, "KPIaren gaineko soldata igoera on batekin". Horrez gain, zortzi kontratu mugagabe eta "hobekuntza sozialak" lortu dituzte.
ELA eta LAB sindikatuek, berriz, enpresan gehiengo sindikala dutenek, alegia, errefusatu egin dute aurreakordio hori, "ez dugu espekulaziorik onartuko 350 langile baino gehiagoren lan-baldintzekin", esanez.
"Ordezkaritzaren funtsezko oinarri demokratikoak urratu dituzte, aurreakordio horrek ez baititu duela sei egun sindikatu guztiek defendatutako langileen aldarrikapenak jaso", salatu dute.