Ekonomia -
Bizkaibus
CCOO, UGT eta USO sindikatuek aurreakordioa lotu dute Pesalurren
Ondorioz, bertan behera utzi dute greba mugagabearen deialdia. ELAK eta LABek, ordea, aurreakordioa errefusatu dute eta grebari eutsiko diotela iragarri dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pesalur autobus zerbitzuaren lan hitzarmenaren gainean aurreakordioa lotu dute CCOO, UGT eta USO sindikatuek, eta astelehen honetan hastekoa zen greba mugagabea bertan behera utzi dute. Bizkaibusi zerbitzua ematen dion enpresetako bat da Pesalur.
ELA eta LAB sindikatuek, berriz, enpresan gehiengo sindikala dutenek, alegia, aurreakordio hori errefusatu dute, eta bihar hasiko den grebarekin bat egitera deitu dute.
Larunbat honetan "gutxiengo sindikalak" lotutako aurreakordioa errefusatu du ELAk ohar baten bidez, esanez ez duela onartuko "350 langile baino gehiagoren lan-baldintzekin espekulaziorik".
LABek ere adierazi du ez duela onartuko greba bertan behera uztea, eta iragarri du, "behin CCOO, UGT eta USO sindikatuekin harremanak apurtuta", mobilizazioen formatua aztertuko duela. Dena dela, langile guztiak deitu ditu bihar abiatuko den grebarekin bat egitera.
"Ordezkaritzaren funtsezko oinarri demokratikoak urratu dituzte, aurreakordio horrek ez baititu duela sei egun sindikatu guztiek defendatutako langileen aldarrikapenak jaso", kritikatu dute.