Ekonomia -
Saioa
Espainiak eta Euskadik 'opor fiskalak' Europan defendatu dituzte
Europak 'opor fiskalei' buruz hartutako erabakia bertan behera uzteko exijitu dute EAEko hiru Foru Aldundiek gaurko saioan.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean, Luxemburgon, ''opor fiskalak'' defendatu ditu gaur Espainiak. 90. hamarkadan enpresa berriei emandako laguntzak legez kanpokoak izan zirela erabaki zuen Europar Batzordeak 2009. urtean.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak azaldu duenez, gaurko saioan ez da Confebaskeko ordezkaririk egon, "arazo ekonomikoak direla eta". Europar Batzordeko ordezkariak ere saioan izan dira, Errioxako Gobernuko ordezkariekin batera.
Europak ''opor fiskalei'' buruz hartutako erabakia bertan behera uzteko exijitu dute EAEko hiru Foru Aldundiek gaurko bistan. 90. hamarkadan diru-laguntzak jaso zituzten enpresei kopuru horiek bueltatzeko eskatu zien Europak. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta EAEren ordezkariak Europar Batzordeak hartutako erabakiaren inguruan aurkitu dituen "akats mordoa nabarmendu du. ''Opor fiskalak'' lehenengoz aztertu zituenean, Bruselak ez zuen legez kanpokoak izango zirenik ohartarazi, eta hori izan da euskal erakundeen ordezkariaren argudio nagusia.
Bizkaiko Ogasun diputatuaren ustez, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaia "bi edo hiru hilabeteetan" helduko da. Oraingo honetan ez dira beharrezkoak izango abokatu orokorraren ondorioak, eta horrek prozesua arindu egingo du. "Jolasten hasi baino lehen, ez dugu partida galdutzat emango" esan du Iruarrizagak. Bere esanetan, gaurko saioan "argudio irmoak" aurkeztu dituzte aldundietako, Espainiako eta Jaurlaritzako ordezkariek.
Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak esan du euskal ordezkarien inpresioa "ona" dela, gaurko saioaren ondoren.
Jose Lusi Cimiano Arabako Ogasun diputatuak ere Europar Batzordeak bere erabakia "gehiegi" luzatu zuela esan du. Espainia ordezkatzeko lanetan Estatuko Abokatua izan da gaur Luxemburgon. Auzi luze honen inguruan aurrenekoz hitz egin du gaur, "egoeraren larritasuna kontutan hartuz" eta hiru Foru Aldundiek izan duten "babes faltari" erantzuteko.
Europar Batasuneko Gobernuaren jarrera "irregularra" azpimarratu du Estatuko Abokatuak. Bere ustez, laguntzak bueltatu beharra euskal enpresak "diskriminatzea" dakar. Europar Batzordeak sei urte eman zituen ''opor fiskalen'' auzia aztertzeko. Epe hori "gehiegizkoa" eta "bidegabea" izan zela adierazi dute bi abokatuek. Horrez gain, Euskadiko eta Espainiako erakundeek auzi horretan egin duten elkarlana ere azpimarratu dute.
Europar Batzordeko ordezkariek, berriz, Batzordearen "isiltasunaren" aurrean egindako interpretazioak arbuiatu ditu. "Isiltasun" horrek ez zituen ''opor fiskalak'' babestu, haien esanetan.
Luxenburgoko Auzitegiak arrazoia ematen badie, dirua itzuli beharko diete enpresei euskal haziendek. Arrazoia ez badiete ematen eta laguntza guztiak berreskuratu ez dituztela uste badu, auzitegiak isun bat ezarriko du laguntza guztiak itzuli bitartean edo Europako Batzordeak % 100 berreskuratu dituztela uste arte. Isuna administrazioentzat beste ''zulo'' bat izan daiteke krisialdian.