Ekonomia -
Aurreproiektua
Adifek 30 bat milioi euro inbertituko ditu Irungo geltoki berrian
Adifek azaldu duenez, hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu geltokiak, trenbideak “sortutako haustura konponduko” baitu.
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko tren geltoki berriaren aurreproiektua aurkeztu dio Adifek Irungo Udalari.
Geltoki berriaren oinarrizko egitasmoak eta azpiegitura eraikitzeko proiektuak kontratazio prozesuan dira egun. Guztira, 30 milioi euro inguru inbertituko ditu Adifek: 23 milioi geltokian, eta beste 7 ingurunea egokitzeko.
Irungo geltoki berria abiadura handiko trena hartzeko prest egongo da. Trenbidearen zein hirigintzaren eskakizunak asebeteko ditu geltokiak.
Zentzu horretan, orain sakabanaturik dauden eraikin ezberdinak elkartu eta mugako herriaren auzoak batuko ditu, trenaren azpiegiturak zatitzen baititu egun.
Adifek azaldu duenez, hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu geltokiak, trenbideak “sortutako haustura konponduko” baitu.
Proposamena “hiri-eskeman integratuko da, komunikazioak hobetuz, eta teknologia parke berriarekin konexioa izango du”, gaineratu duenez.
Zubi motako eraikin berri bat izango du geltokiak, hirigintzaren eta trenaren beharrizanei erantzuna emateko.
Orain dela gutxi, Adifek, Irungo Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak zonaldea biziberritzeko hitzarmen bat sinatu zuten.