Ekonomia -

Kontratuak

CAFek mantentze lanak egingo ditu Bilboko Metroan, Renfen eta Saudi Arabian

Lan horiek egiteko 240 milioi euro izango ditu Gipuzkoako enpresak.

Saudi Arabiako tren batzuk tailerrean. CAFek bidalitako argazkia
Saudi Arabiako tren batzuk tailerrean.
Saudi Arabiako tren batzuk tailerrean. CAFek bidalitako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasaingo CAF konpainiak Euskadiko, Espainiar Estatuko eta Saudi Arabiako hainbat trenen mantentze lanak egiteko kontratuak sinatu berri ditu, 240 milioi euroko balioagatik, euskal enpresak gaur jakinarazi duenez.

Alde batetik, Bilboko Metroko unitateak berrikusteko kontratua erdietsi du CAFek. Zehazki, 500 serieko 24 unitateen 218 bogie aztertu beharko ditu. Kontratuak bost urteko iraupena izango du, eta 550 eta 600 serieetako bogieen berrikusketa orokorra egiteko aurretik zituzten kontratuei jarraipena emango die.

Bestalde, Renfek CAFi esleitu dizkio Madrilgo aldirietako trenen (446 seriea eta CIVIA) eta distantzia ertaineko eskualdeko trenen (594, 596 eta 598 serieak) mantentzeko lanak. Kontratu horiek Renferekin batera eratutako ACTREN MF sozietate mistoaren bidez bideratuko dituzte, eta lau urteko iraupena izango dute. Gainera, kontratuak beste urtebetez luzatzeko aukera jasotzen du.

2007tik, ACTREN enpresaren tren askoren mantentze lanak egin ditu Gipuzkoako konpainiak. Horien artean, gaur egun oraindik ere garatzen ari diren abiadura handiko unitateetako mantentze lanak daude, eta, ondorioz, "esleipen berri hauek azken urteotan bi enpresa horien artean izan den harreman estuari jarraipena emango diotela esan dezakegu", azaldu dute CAFeko iturriek.

Amaitzeko, Saudi Arabian, Estatuko trenen bi enpresek (SRO, Saudi Railways Organization, eta SAR, Saudi Railway Company) ere CAF aukeratu dute beren trenen mantentze lanak egiteko. SROren kasuan, duela gutxi sinatu dute Riyadh-Dammam linean zirkulatzen duten Push-Pull 12 unitateak mantentzeko kontratua. SARen kasuan, Riyadh-Qurayyat linean zirkulatzen duten 6 Push-Pull unitateetan egingo dituzte mantentze lanak.

Kontratu bakoitzak hiru urteko iraupena izango du, eta unitate horiek zerbitzuan jarri zituztenetik gaur egun arte egiten ari ziren jarduerari emango diote jarraipena.

Trenak gehienez 200 km/h-ko abiaduran zirkulatzeko eta 55 gradurainoko muturreko baldintzetan zerbitzua eskaintzeko diseinatuta daude.

CAFek nabarmendu duenez, kontratuek agerian utzi dute trenen mantentze lanak egiteko negozioa bultzatzeko egindako apustua "irmoa" dela. Horrekin lotuta zehaztu duenaren arabera, gaur egun mantentze lanetarako 50 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu 13 herrialdetan. 6.200 trenen mantentze lanak egiten ari dira, eta 2.300 langile baino gehiago arduratzen dira horretaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAF Metro Bilbao Ekonomia Eguneko albisteak Beasain Albisteak Renfe Garraio publikoa gaur Saudi Arabia