Ekonomia -
Negoziazioak
Sindikatuek eta Aenak aurreakordioa lortu dute greba saiheste aldera
CCOO, UGT eta USO sindikatuek erreferendumean bozkatuko dute orain akordioa, lanuzteak bertan behera utziko ote dituzten erabakitzeko.
Erredakzioa
CCOO, UGT eta USO sindikatuek, Aenan datozen hilabeteetarako 22 greba egun deitu dituzten sindikatuek, aurreakordioa lortu dute enpresa publikoarekin eta orain erreferendumean bozkatuko dute langileen asanbleetan, lanuzteak bertan behera utzi ala ez erabakitzeko.
CCOO, UGT eta USOko sindikatuek Aenako langileen % 85 ordezkatzen dute eta 17 orduko bilera baten ondoren lortu dute enpresarekin akordio batera iristea.
Greba bertan behera utzi ala ez hiru sindikatuen federazioek onartu beharko dute, eta gero asanbleetan ere bozkatuko dute datorren astean.
Isaias Taboas Garraioaren Estatu idazkaria gustura agertu da lortutako aurreakordioarekin, izan ere, turismoaren sektorea eta herritarrak lasai egon daitezke Aste Santuan eta udan bidaiatzeko aukera izango dutelako.
Taboasek azaldu duenez, akordioari esker Aena administrazio kontseiluetan egongo da Madrilgo eta Bartzelonako aireportuak kudeatuko dituzten enpresa pribatuetan berrietan.
Sindikatuen arabera, lanpostuak mantentzea eta lan-hitzarmena alor guztietan aplikatzeko aukera bermatzen du akordioak.
Zapaterok dio herritarren mugikortasuna bermatuko dela
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak esan du aurreakordioak aireportuen normaltasuna eta herritarren mugikortasuna bermatuko duela.
Kongresuan egin duten osokoan Zapaterok azaldu duenez, "albiste ona" izan da Aenak eta langileek akordioa lotu izana.
Gobernuko presidenteak azpimarratu du aireko garraioa "bereziki garrantzitsua dela ekonomiarentzat" eta Gobernuak "badaki hori".
Blancok gogorarazi du Aena beti izango dela publikoa
Jose Blanco Sustapen ministroak argi adierazi nahi izan du Aena ez dutela pribatizatuko, publikoa izango dela, eta Kongresuak onartutakoaren arabera, aireportuak ustiatzeko emakidak izango direla enpresa pribatuen esku geratuko dena.