Ekonomia -

Emaitzak

Euskaltelek 62,8 milioi euro irabazi ditu 2018an, aurreko urtean baino % 26,6 gehiago

Hainbat produktu eta zerbitzu pakete bakarrean eskaintzeari esker lortu dituzte emaitza horiek. Baita, balio erantsi handiko produktuen eskaintza bateratuari esker ere.

Argazkia: euskaltel.com
Euskalteleko egoitzaren kanpoaldea
Argazkia: euskaltel.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltelek 62,8 milioi euro irabazi ditu 2018an, aurreko urtean baino % 26,6 gehiago, 2017an 49,6 milioi euro lortu baitzituen, telekomunikazioen konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez.

Enpresaren salmentak % 10,7 hazi dira, 674 milioi euroraino; ustiapeneko emaitza, berriz, 129,8 milioi eurokoa izan da, % 12,6 gehiago, hain zuzen.

Euskaltelen esanetan, hainbat produktu eta zerbitzu pakete bakarrean eskaintzeari esker lortu dituzte emaitza horiek. Baita, balio erantsi handiko produktuen eskaintza bateratuari esker ere. Konpainiak azpimarratu duenez, bezeroek bataz beste 3,6 produktu kontratatu zituzten 2018an, 2017an lortutako 3,5ekin alderatuta.

Horrenbestez, 64.000 produktu gehiago kontratatu zituzten etxe-segmentuan;  guztira, 2,4 milioi produktu inguru kontratu zituzten etxeetako erabiltzaileek.

Enpresa munduan, berriz, enpresa txiki eta ertainek zein enpresa handiek eragindako hazkundea % 3,5koa izan da. Konpainiak jakitera eman duenez, joera aldaketa eman eta laugarren hiruhilekoan garapen positiboa gertatu da.

Taldeak 2019an egingo duen zabalkunde geografikoan lanean ari da Euskaltel

Telefonia mugikorraren alorrean, 43.300 linea berri lortu zituen Euskaltelek; 958.000 linea zituen ekitaldi ekonomikoa ixtean. Telebista zerbitzuak, berriz, 23.000 bezero irabazi ditu, 417.000 erabiltzaileraino. 8.500 banda zabaleko produktu gehiago saldu dituzte, eta 497.000 gainditu dituzte.

Bestalde, taldeak 2019an egingo duen zabalkunde geografikoan lanean ari da Euskaltel: Nafarroa, Kantabria, Leon, Errioxa eta Kataluniako merkatuetan arituko da 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak