Ekonomia -

Negozioa eta enpleguak EAEn

Paperarena izan ezik, EAEko kluster industrialak hazi edo mantenduko dira 2019an

Azken sei hilabeteotako jarduera industrialaren hazkundea batez ere elikaduran, automobilgintzan eta bio-osasunean izan da.

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Industria Abagunearen Behatokiaren datuen aurkezpena gaur Bilbon
Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paperarena izan ezik, EAEko industria eragileen elkarte guztien negozioa eta enpleguak handitu edo mantenduko dira 2019an; horrenbestez, ekonomia arloan "perspektiba baikorrak" espero ditu Industria Abagunearen Behatokiak.

Industria Abagunearen Behatokia Bilbon elkartu da astelehen honetan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua buru izan duen bilera batean. Urtero legez, EAEko enpresa-elkarteen eta klusterren urteroko erradiografia egin dute; aztertutako 17 elkarte eta klusterretatik 10ek espero dute datozen sei hilabeteetan (apiriletik irailera) beren jarduera hobetzea fakturazioan, eskaeretan, enpleguan, esportazioetan eta I+G+B-ren erabileran. Paperaren sektoreak bakarrik aurreikusten du jaitsiera izango duela eskaeretan, fakturazioan eta esportazioetan.

Jarduera industrialaren hazkundea, batik bat, sektore hauetan gertatu da: elikaduran, automobilgintzan eta bio-osasunean. Sektore horietako enpresa guztiek hobekuntzak aurreikusten dituzte beren eskaeretan, fakturazioan, esportazioetan, enpleguan eta I+G+B-ren erabileran. Gainera, energiaren klusterrak uste du jarduera handiagoa izango duela beren jarduera neurtzen duten bost atal horietatik lautan.

Txostenak hiru sektoreren egoera azpimarratu du, hala nola elikadurarena, automobilgintzarena eta bio-osasunarena. Azken seihilekoan (2018ko urritik 2019ko maiatzera), sektoreko enpresa guztiek adierazi dute beren egoerak hobera egin duela; beste sei sektoretan (energia, burdinbide ekipoak, habitata, zura eta bulegoak, fabrikazio teknologia aurreratuak, EIKTak eta garraioak, mugikortasuna eta logistika) enpresen % 60-80k adierazi dute hobekuntzak izan dituztela.

17 elkarteetako batek ere ez du datu negatiborik izan azken seihilekoko balantze orokorrean eta itsas industrien sektoreko elkarteek bakarrik izan dituzte murrizketak arlo puntualetan, zehazki, fakturazioan eta enpleguan.

Behatokiak egiaztatu du Euskadiko BPGa % 2,8 hazi zela iaz, eta, horrekin batera, enpleguak % 2,1eko igoera izan zuela, 19.000 lanpostu garbi sortu zirelarik.

Eraikuntza sektorea dinamikoago izan da eta industriak arazo iragankorrak izan zituen iazko urtearen bigarren erdian, batik bat isurien eta diesel erregaien araudi berriagatik.

Europako ekonomiak gutxiago hazten ari diren honetan, txostenak dio Euskadiko BPGa % 2,3 haziko dela eta enplegua % 1,4, lanaldi osoko 13.500 lanpostu berri sortuko direlarik. Gainera, langabezia-tasa % 10 baino baxuagoa izango da.

Datuak sektorez sektore aztertuta

Hegan aeronautika elkarteak fakturazioa eta enplegua hobetu ditu azken seihilekoan (2018ko urritik 2019ko martxora), eta bere horretan mantendu ditu eskaerak eta esportazioak. Espero du datorren seihilekoan (apiriletik irailera) % 4 emendatuko duela fakturazioa, eta eskaerak, esportazioak nahiz I+G+B-ren erabilera orain arteko mailan mantenduko direla. Aireko trafikoaren aurreikuspenak oso baikorrak dira, aurreikuspenen arabera, 30.000 hegazkin berri beharko baitira 2035erako.

Elikadura alorrean, CLUAE klusterrak bere jarduera hobetu du azken seihilekoan bost ataletan (eskaera, fakturazioa, esportazioak, enplegua eta I+G+B-ren erabilera) eta datozen sei hilabeteetan hobekuntza horiek mantentzea espero du. Onlineko salmentek hazkunde moderatua izaten jarraitzen dute.

Automobilgintzaren sektorean, azken seihilekoan, Acicae klusterrak ere hobetu egin du bere jarduera bost ataletan, eta datozen sei hilabeteetan hobekuntza horiek mantentzea espero du. Merkatu hau ia maximo historikoetan dago, baina ziurgabetasuna da nagusi hainbat faktore direla medio, besteak beste, muga-zergen gerra, brexita, inbertsioaren kontratazioa edo ibilgailuentzako isuri kutsagarrien mugak.

Bio-osasun atalean, azken seihilekoan, BHC klusterraren jarduerak gorantz egin du arlo hauetan: eskaerak, fakturazioa, esportazioak, enplegua eta I+G+B-ren erabilera. Datozen sei hilabeteetan antzeko egoera izatea espero dute. Enpresa trakziogileek beren jarduera hobetu dute eta hobekuntza hori enpresa txiki eta ertainetara iritsiko da.

Eraikune eraikuntza klusterrak bere jarduera hobetu du eskaerei, fakturazioari eta enpleguari dagokienez; esportazioetan eta I+G+B-ren erabileran, berriz, maila berean mantendu da. Datozen sei hilabeteetan bere horretan mantentzea espero dute.

Eduki digitalen atalean, Eiken klusterrak jarduerari eutsi dio aztertutako bost ataletan, baina datozen sei hilabeteetan esportazioak eta enplegua haztea espero dute. Klusterreko enpresa askok gainditu gabe dute nazioartekotzearen eta atzerrian aukerak bilatzearen ikasgaia, baina gero eta urrats gehiago ematen ari dira norabide horretan, eta bidea egiteak aukera berriak dakartza.

Energiaren alorrean, azken seihilekoan, kluster horrek bere jarduera hobetu du atal guztietan, salbu eta eskaeretan, horretan ez baitu aldaketarik izan. Datozen sei hilabeteetan espero du hobekuntzak izango dituela fakturazioan, eskaeretan, enpleguan eta I+G+B-ren erabileran eta eutsi egingo diola esportazioen jarduerari. Hazkunde handienak eguzki energia fotovoltaikoan eta energia eraginkortasunean gertatuko dira.

Burdinbide ekipoen harira, Mafex elkarteak jarduera positiboa izan du, I+G+B-ren erabileran izan ezik, aldagai hori bere horretan mantendu delako. Aurreikuspenen arabera, datozen sei hilabeteetan mantendu egingo da jarduera eta eskaera-zorroa hazi egingo da.

Galdaketa elkartearen jarduera mantendu egin da azken seihilekoan (fakturazioak izandako beherakada salbu), eta datorren sei hilabeteetan ere egonkortasun horri eustea espero da. Sektore honek teknikari gehiago behar ditu eta langile kualifikatuen premia handia du.

Habitata eta Contract Habic klusterrak bere jarduera hobetu du fakturazioan, esportazioan eta enpleguan; eskaerak eta I+G+B, berriz, bere horretan mantendu dira. Datorren seihilekoan egoerari eustea espero du eta esportazioak hobetzea.

Itsas industrian, Itsas Foroa klusterrak bilakaera aldakorra izan du azken seihilekoan: eskaerak hazi egin dira eta esportazioak eta I+G+B bere horretan mantendu dira, baina fakturazioak eta enpleguak okerrera egin dute. Datozen sei hilabeteetan eskaerak hobetzea eta gainerako ataletan berdin jarraitzea espero du.

Ingurumenaren alorrean, Aclima klusterrak bere jarduera industriala mantendu du azken seihilekoan, eta egoerak datozen sei hilabeteetan hobera egitea espero du, bereziki esportazioak eta I+G+B hobetuta. Sektoreko enpresek errealitate oso desberdinak bizi dituzte; adibidez, hiri-hondakinen kudeatzaileek hazkunde txiki bat erregistratu dute fakturazioan eta aholkularitzek hobekuntza bat sumatu dute.

Paperaren inguruan, azken sei hilabeteetan, kluster honek jaitsiera izan du eskaeretan, fakturazioan eta esportazioan, eta bere horretan mantendu ditu enplegua eta I+G+B. Hurrengo seihilekorako aurreikuspenak ere antzekoak dira.

Produktu eta instalazio siderurgikoetan, Siderex klusterrak jarduerari eutsi dio, eta hobekuntzak izan ditu esportazioetan eta I+G+B-ren erabileran. Datozen sei hilabeteetan eskaera-zorroa hobetzea espero du. Joko-arau berberak dituzten merkataritza, energia eta ingurumen politikak eskatzen ditu bere lehiakortasuna hobetzeko.

Fabrikazioko teknologia aurreratuetan, azken seihilekoan, eskaerek, fakturazioak eta I+G+B-ren erabilerak hobera egin dute sektore honetan, eta hurrengorako ere antzeko joera espero da. Enpresen eraldaketa digitalak eta ekonomia berriak bultzada handia eman diote sektore honi.

EIKTak eta ezagutza klusterrak hobetu egin du bere jarduera, esportazioetan eta enpleguan izan ezik, non kopuru berdinetan mantendu baita. Hurrengo seihilekoan ere egoera berean jarraitzea espero du, hobekuntzak espero direlarik eskaeretan, fakturazioan eta I+G+B-ren erabileran.

Mugikortasun eta logistika klusterrak bere jarduera hobetu du, baina enplegua mantendu egin da eta esportazioek behera egin dute. Aurreikuspenak hobeak dira datorren seihilekorako, igoera espero baita eskaeretan, esportazioetan eta I+G+B alorretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Industriaren azken ordukoak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan