Ekonomia -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Kristau Eskola: 'Sindikatuak itunpeko ikastetxeen errealitatetik at daude'

Mikel Ormazabalen iritziz, lan baldintzetatik harago doazen helburuak bilatzen dituzte sindikatuek. "Ikastolen baldintzak onartzen dituzue eta gureak ez?", galdetu dio LABi.

Mikel Ormazabal: 'Sindikatuak itunpeko ikastetxeen errealitatetik at daude'. Argazkia: EFE
Mikel Ormazabal: 'Sindikatuak itunpeko ikastetxeen errealitatetik at daude'
Mikel Ormazabal: 'Sindikatuak itunpeko ikastetxeen errealitatetik at daude'. Argazkia: EFE

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kristau Eskolako zuzendari nagusi Mikel Ormazabal Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da ostegun honetan. "Sindikatuek nahi dutenean konponduko da" esan du Ormazabalek elkarrizketa horretan, itunpeko ikastetxeen lan gatazkari buruz. Hain zuzen ere, nabarmendu du lan gatazka horren erantzule bakarrak sindikatuak direla.

Lau eguneko greba hasi baino hiru egun lehenago, Kristau Eskolako zuzendariak ez du aurrerapausorik espero. "Sindikatuak itunpeko ikastetxeen errealitatetik at daude. Proposatzen duten soldata igoera ez da onargarria", ziurtatu du. Ildo horretan zera jakinarazi die sindikatuei: "Egin dugun zazpigarren proposamena, egin dezakegun proposamen zabalena da".

Eusko Jaurlaritzak gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetara diru gehiago bideratzea gatazkari konponbidea bilatzeko aukeretako bat litzateke. "Ahaleginetan aritu gara Lan Sailak bitartekari lana egin dezan", gaineratu du.

Alabaina, lan gatazka horri bukaera iluna ikusten dio Ormazabalek. Izan ere, haren hitzetan, atzetik interes gehiago daude, besteak beste, "Kristau Eskola ahultzea". Horrenbestez, Jaurlaritzarekin aurreakordioa lortu ezean, ez du Lan Sailaren bitartekaritza aukera gisa ikusten.

Bukatzeko, LAB sindikatuari galdetu dio nola den posible ikastolen baldintzak onartzea eta itunpeko ikastetxeenak ez onartzea, Kristau Eskolak egindako proposamena hobea dela iritzita. Halaber, sindikatuei egotzi die "familien artean nahasmena eragin izana".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak