Ekonomia -
Argindarraren salneurria
Argindarraren faktura euro bat igo daiteke ekoizpenaren gaineko zergaren ondorioz
Elektrizitatearen prezioaren igoera saihesteko neurrietako bat bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak, eta, baliteke faktura % 2 edo % 3 garestitzea.
Agentziak | erredakzioa
Elektrizitatearen prezioaren igoera saihesteko Espainiako Gobernuak hartutako ekoizpenaren gaineko zergaren etendura gaur bukatu da; eta, horrenbestez, baliteke gaurtik aurrera argindarraren faktura % 2 edo % 3 garestitzea, Teresa Ribero Trantsizio Ekologikorako ministro espainiarrak jakinarazi duenez. Beraz, baliteke "familia bakoitzak gehiago ordaintzea: 0,5 eta euro bat artean, hain zuzen".
Espainiako Gobernuak 2018ko urriaren 5ean ezarri zuen, elekrizitatearen gorakaden harira, kontsumitzaileak babesteko lege-dekretua; horren arabera, 2018ko azken hiruhilekoan eta 2019ko lehengoan, elektrizitatearen ekoizpenaren gaineko % 7ko zerga ordaintzetik salbuetsi zituen kontsumitzaileak.
Abuztuan elektrizitateak jasandako gorakadari aurre egin zion horrela Pedro Sanchezen Gobernuak. Irailean argindarraren prezioak urteko marka hautsi zuen.
Hori horrela, irailaren 19an 75,93 euro ordaindu ziren megawatt orduko (MWh), eta hilean batazbeste 71,27 euro ordaindu ziren megawatt orduko (MWh).
Karbono dioxidoaren eta gas naturalaren eta ikatzaren emisio eskubideen garestitzeak nazioartean eragin zuen prezioen igoera.
Pedro Sanchezen Gobernuak elektrizitatearen ekoizpenaren gaineko zerga betirako indargabetu nahi du, horretarako, energiaren gaineko zergak aldatu beharko ditu eta horretan lanean ari da; baina, apirilaren hauteskunde orokorrak direla eta, zergaren etenaldia ez luzatzea erabaki du.