Ekonomia -

Mundu zazpi herrialdeetan

Espero baino gehiago hazi da ekonomia, ELGAk baieztatu duenez

Hala ere, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak ohartarazi duenez, inflazioak gora egingo du, lehengaien garestitzeak bultzatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko zazpi ekonomietan, Japonian salbu, espero baino hazkunde handiagoa izan dela egiaztatu du (ELGA) Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak. Horrela, Barne-Produktu Gordina % 3 haziko da aurtengo lehen hiruhilekoan eta % 3,4 bigarren hiruhilekoan, Parisen egoitza duen erakunde honek kaleratutako aurreikuspen berrien arabera.

"Egungo aurreikuspenek nabarmen egin dute onera, duela hilabete batzuetako aurreikuspenekin alderatuta", baieztatu du Pier Carlo Padoan ELGAko ekonomialari nagusiak.

Hala ere, Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko ezegonkortasunagatik eta honek petrolioaren prezioaren gainean izan litekeen eraginagatik inflazioak ere gora egingo duela ohartarazi du erakundeak. Hori dela eta, epe laburrera ekonomiarentzat "oztopoa" izan daitekeela azaldu dute adituek. Gainera, zenbait banku zentralek euren diru politika gogortzea ekar liteke inflazioaren gorakadak.

Halaber, euro zonaldearen inguruko herrialdeen zor subiranoak eta ELGAko zenbait herrialdeen higiezin-merkatuetan izandako arazoek ziurgabetasuna sor lezakete, erakundearen arduradunek azaldu dutenez.

Hala ere, langabezia-tasa altua egon arren, lan merkatuetan hobekuntza bat antzeman dute, biztanleen kontsumoaren hazkundean lagundu dezakeena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea