Ekonomia -

finantza-jarduerak

Euskal bonu jasangarrien emisioa gaur bertan egin du Jaurlaritzak

Iaz sekulako arrakasta izan ondotik, Eusko Jaurlaritzak eskaintza handitu du aurten, 100 milioi euro gehiagorekin eta harrera bera lortzea espero dute.

Presentación hoy del Bono Sostenible. Foto: Irekia
Acto de presentación del Bono Sostenible
Presentación hoy del Bono Sostenible. Foto: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 'Euskadi Bonu Jasangarria' jaulki du astearte honetan, bigarren urtez jarraian, 600 milioi euroko balioarekin, iaz jaulki zuena baino 100 milioi euro gehiago.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak eta Javier Arnaez Finantza zuzendariak Gasteizen aurkeztu zuten atzo jaulkipena, eta baldintzek gomendatzen zutenean merkaturatuko zutela iragarri zuten.

Oraingo honetan, Jaurlaritzak bilerak izango ditu gaur, bideo-konferentzia bitartez, inbertitzaile posibleekin, eta Bonu Jasangarria, baldintzek horrela gomendatzen dutenean, zabalduko da merkatuetara.

Aurten jaulkipena aurreratu dutela azaldu du Alberto Alberdik, merkatuetan "baldintza oso onak baitaude", eta, egoera hori aldatzen ez bada, jaulkipena "ahalik eta arinen egingo dugu".

"Apirilean eta maiatzean izango diren hauteskundeak eragin berezia izan dezakete merkatuetan. Hori dela eta, jaulkipena aurreratzea erabaki dugu", esan du.

2018an finantza produktu horrek jaso zuen harrera bikaina ikusita, Jaurlaritzak merkatu berriak aztertu ditu, Herbehereak, adibidez, eta erakunde gehiago ere sartu dira partaidetzan, La Caixa eta Banco Sabadell, besteak beste.

"Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du bonu iraunkorren merkatuaren garapenean leku garrantzitsua betetzeko helburu sendoarekin, finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatuz, ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetan Euskadik dituen erronkei erantzun ahal izateko", adierazi du.

Aurten, BBVA, Credit Agricole CIB, HSBC, Norbolsa, Banco Santander, La Caixa eta Sabadell erakundeek bideratuko dute Bonu Jasangarria.

Finantzatu beharreko programen % 83 gizarte arloko proiektuak izango dira, eta gainerako % 17a ingurumen arloko programak.

Finantzatu beharreko programen aukeraketa Eusko Jaurlaritzako Iraunkortasuneko Bonuen Batzordeak egiten du. Batzordean, Ogasun eta Ekonomia Saileko lau ordezkari eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko, Osasun Saileko eta Hezkuntza Saileko ordezkari bana izango dira.

Finantzaketa horretatik kanpo geratzen dira langileen gastuak, finantza kostuak, kontingentzietarako funtsak eta finantza aktiboak eta pasiboak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023