Ekonomia -
Greba Lehen Arretan
Sailaren arabera, jarraipena % 33koa izan da; sindikatuen ahotan, ordea, % 80koa
“Greba eskubidearen urraketa” izan dela salatu du ELAk. Greba egunak eragindako arazoengatik barkamena eskatu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak deitutako grebaren jarraipena % 33,51ekoa izan dela azaldu du Osasun Sailak.
Lurraldeka, grebak % 32,48ko jarraipena izan du Araban, % 33,6koa Bizkaian eta % 33,89koa Gipuzkoan. Kategoria profesionalak kontuan hartuz gero, medikuen artean % 56,57ko jarraipena izan du, % 17,47koa erizainen artean eta % 20,23koa gainerako kategorietan.
Hala ere, greba egunak eragindako arazoengatik barkamena eskatu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak agiri batean. “Langile guztien greba eta mobilizaziorako eskubidea errespetatuz, elkarrizketaren” aldeko apustua egiten jarraitzen dute, eta “Lehen Arreta indartzeko 35 neurri eta ekintza zehatz aurrera eramango dituzte”.
Aurreneko balorazio batean, ELA grebaren jarraipenarekin pozik agertu da, “masiboa” izan delako. Zentzu horretan, zenbait zentro itxita egon direla azpimarratu du sindikatu abertzaleak, konkretuki, hiru Bizkaian, horien artean, Abusukoa.
Zentro dezentetan lehen arretako mediku, pediatra eta administrari laguntzaileen % 100ek greba egin dutela erantsi du sindikatuak. Erizainen artean, ordea, jarraipena ezberdina izan dela onartu du.
Bestalde, “greba eskubidearen urraketa” izan dela salatu du ELAk. Sindikatuaren hitzetan, zentro batzuk zabalik izan dira, Osakidetzak “segurtasun zaindari bat kontratatu duelako ez ixteko”.
Era berean, nahiz eta gutxieneko zerbitzuen aginduak larunbat bateko behargin kopurua ezarri, Osakidetzak “langile gehiago jarri ditu lanean normaltasun itxura emateko saiakeran”.
12:00etan manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan zehar, "Lehen Arreta segurua eta kalitatezkoa" leloa zeukan pankarta baten atzean. Besteak beste, "Osakidetza entzun, borrokan gaude" edota "Lehen Arreta, arreta prekarioa" gisako oihuak entzun dira gaurko protestan.
Manifestazioa hasi baino minutu gutxi lehenago, Iñigo Garduño Euskadiko CCOO sindikatuko ordezkariak ohartarazi du azken urteotan Osakidetzak "Lehen Arreta abandonatu" duela. Horren aurrean, "giza baliabide eta bitarteko ekonomiko gehiago" behar dituztela esan du, "arreta egokiena emate aldera".
Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, sindikatuen iritzian, "gehiegizkoak" dira.
"Autonomia gehiago nahi dugu, baita formakuntza eta ikerketa gehiago ere. Izugarrizko lan karga daukagu, eta egoera jasanezina da", baieztatu du.
ELAk, bestalde, "masibotzat" jo du grebaren jarraipena, zentro batzuetan % 100ekoa izan delako, eta, ondorioz, itxi egin behar izan dituztelako.
Aspaldi egin zuten euren egoera salatzeko kexa ofiziala, eta otsailean manifestazioa egin zuten Gasteizen, "Denborarik gabeko arreta, arriskua duen arreta" lelopean. Ondoren, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak deitutako bilera batean hilero 24 orduko greba egingo zutela erabaki zuten .
"Gainezka" daudela adierazteko, bideo hau zabaldu dute sare sozialetan, euren egoeraren isla:
Euskadiko Lehen Arretako profesionalek egindako salaketen arabera, osasun sektorean "murrizketak" izan dira krisi ekonomikoak eraginda. Horrez gain, "mediku eskasia dago espezialisten beharren planifikazio txar baten ondorioz, batez ere Familia eta Komunitateko Medikuntzan eta Pediatrian".
Hala, ohartarazi dutenez, "arreta-karga lege bihurtu da Lehen Arretan. Egoera horretan kalitatezko arreta bat emateko medikuek egin beharreko gehiegizko esfortzua ezin da denboran gehiago luzatu".
Nafarroan, zortzi greba egun egin dituzte jada, eta beste bi daude deituta datorren asterako.