Ekonomia -

Trenbidearen lurperatzea

Korridore berde handi bat eta 1.300 etxebizitza egitea proposatu du Gasteizko Udalak

Trenbidea lurperatzeko proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Gasteizko trenbidearen lurperatze proiektua. Argazkia: vitoria-gasteiz.org
Gasteizek korridore berde handi batez josiko ditu trenbidea lurperatzeak libre utzitako gunea
Gasteizko trenbidearen lurperatze proiektua. Argazkia: vitoria-gasteiz.org

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hirian trenbidea lurperatu ostean libre geratuko diren lurren hirigintza-antolamendurako aukeren proposamena ezagutzera eman du ostiral honetan.

Izan ere, abiadura handiko trena iritsi eta 3,6 kilometro lurperatu eta gero, korridore bat libre geratuko da Gasteizen. Gorka Urtaranek gaur eman dio proposamen horren berri Tokiko Gobernu Batzarrari, eta gaur bertan bidaliko zaie Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta ADIFi, abiadura handiko trena Euskadiko hiriburura iristen denerako lantzen ari diren proiektuetan kontuan har dezaten. Udal talde politikoei ere helaraziko zaie.

Alkateak bost jarduera-eremutan banatu du ibilbide berdea: ekialdea eta mendebaldea lotuko ditu trenbidearen eta ibilgailuentzako bidearen gainetik joango den korridore berriaren bitartez, eta iparraldea eta hegoaldea, oinezkoentzako ibilbideen bitartez.

Trenbidea lurperatzeak ekarriko duen eraldaketa esanguratsuenetako bat Ariznabarrean eta Kontxetan gertatuko da. Geruza berde batek ordeztuko du orain trenbideak sortzen duen orbana: hiri parke bat egingo da, lubaki erako tunel faltsu baten gainean —hori ez da trenbidea lurperatzeko lanen barruan sartzen—, zeinak bat egingo baitu korridore berdearekin, eta hiri bilbeari jarraitukom dio. Gainera, inguru horretan bizitegi-aprobetxamenduak aurreikusi dira, lurperatzeko proiektuarekin inolako zerikusirik ez dutenak.

Ibilbide berdean barrena ekialderantz hurbilduz, bi dorre simetriko egingo dira San Martinen, eta horrek auzoko erakunde, bulego eta hirugarren sektoreko erabilerak sendotuko ditu. Eraikin biki horietako batek udal bulegoak leku berean batzeko balioko du, eta bestea korporazioen egoitza eta bulegoetarako erabiliko da, beste interesgune batzuen artean.

Gaztelako ateko komunikazio-nodoa da proiektuaren beste muinetako bat. Hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko dituen ardatzetako bat izango da, kultura eta erakunde zona hori sustatzeko eremu baten barruan, Prado-Florida parkea eta hiriaren erdialdea lotzen dituen ardatzean.

San Martineko udal eraikinak, aipatutako eraikin bikiek, Arte Ederren Museoak, entzunareto berriak, Zulueta jauregiak eta Katedral Berriak osatzen dute aurreikusitako kultura eta erakunde sustapeneko polo hori, korridore berriak sortuko dituen landare askotariko espazio berdeek lotuta.

Jasotako proposamenaren arabera, Gaztelako ateko zubia tranbiaren ekialde-mendebalde konexiorako erabiliko litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak