Ekonomia -

'Ibarra auzia'

Juan Ramon Ibarra absolbitu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak

Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen zuzendariordeari ustezko prebarikazioa egotzi zion Fiskaltzak. Gainerako auzipetuak ere errugabetzat jo dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Lehen Sekzioak Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasun Ikuskaritzako zuzendariorde ohia absolbitu du. Eroskeria, desobedientzia, agiri faltsuak eta prebarikazioa egitea leporatu zioten Ibarrari. Ibarrak hilabete eta erdiz joan behar izan zuen epaiketara, ustez zergadunen mesedetan aritzeagatik, eta otsailaren 25ean epaiaren zain geratu zen auzia.

Epaian agertzen denez, "ez du deliturik egin" eta "ez dago probatzerik" auzipetuak "oparirik edo saririk jaso duenik ezta bestelakorik onartu duenik ere".

Apirilaren 12ko data duen sententzia gaur egin dute publiko eta bertan tribunalak edozein arduretatik aske utzi du Ibarra; fiskalak berarentzat zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen;&' || 'nbsp;bost urte dokumentuak faltsutzeagatik eta hiru urte gehiago funtzionario-eroskeriagatik eta desobedientziagatik. Ia 800.000 euroko isuna ere eskatzen zen berarentzat.

Gainera, Ibarraren menpe zeuden hiru lagunak, Valvanera Canal, Jose Luis Silvestre eta Joaquín Tebar ere absolbituta gelditu dira; Fiskaltzaren iritziz hiru horiek beharrezko laguntzaileak ziren zergadun batzuek ikusketa fiskalak ekiditeko azpikeria antolatzeko.

Auzitegiak esan du ez dela frogatuta gelditu Bizkaiko Ogasuneko informatika programa batean zergadun horien "benetakoak ez ziren datuak" sartzen zituztela "faborezko tratua sortuz".

Erabakiak frogatutzat jotzen du Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendariordea izan zenean, 1989tik 2004ra, Bizkaiko 209 zergadun programa informatiko batean sartzeko agindua eman zuela, eta modu horretan, kudeaketa arloan lan egiten zuten funtzionarioak bertan sartzen saiatzen ziren bakoitzean "traba" batekin aurkitzen ziren eta ezin izaten zuten sartu.

Kasurik gehienetan "traba altxatu egin zen" Ibarrari kontsultatu ondoren eta funtzionarioak "aurrera egin zezaketen", beraz, programa horrek ez zuen kaltetu zergadunak hautatu eta ikertzeko lana.

Frogatuta gelditu da Ibarrak benetakoak ez ziren zergadunen datuak sartzen zituela bere zerrendan, eta beraz, Bizkaiko Auzitegiak iritzi du ez dela prebarikaziorik egon ez baitira "benetako erabaki administrazioak" aldatu.

Edozein kasutan, tribunalak galdetu du "zergatik eta zertarako" egiten zuen hori eta ondorioztatu du Ibarrarentzat sistema hori "oso erosoa" zela (mehatxu terroristengatik) isilpeko deklarazioak zituzten pertsonen eboluzioaren gainean "informatuta egoteko" edota Ogasunarekin ibilbide gorabeheratsua izan dutenen gainean ere.

Epaian nabarmendu denez, Fiskaltzak ez du Ibarrak bere programan agertzen zirenen datuen baieztapena galarazteko "jokabide zuzenik" egiaztatu.

Tribunala beraz, kasuz kasu aztertu ditu ustez mesede egin zitzaien pertsonen eta enpresen kasuak, eta ondorioztatu du kasu horietan ere ez dela frogatu prebarikazio delitua.

Akusazioak funtzionario-eroskeria delitua ere defendatu zuen Ibarreren patrimonioa 337.000 eurotan handitu zela zioten zantzuen aurrean; Fiskaltzak baieztatu zuen Ibarrak diru gehien pilatzea lortu zuen urteek bere zerrendan zergadun kopuru handiagoa sartu zuen urteekin bat egiten zuela eta hortik sortu da ustezko eroskeria, tratu mesedegarria emateagatik.

Halere, tribunalak esan du ez dagoela probarik "prozesu guztian", Ibarraren eroskeria frogatzeko, eta diruaren jatorriaren "hipotesiak" asko izan daitezkeela esan du, baina ez daudela zantzuak "Ogasuneko delitu ekintzetarako" egin izanarenak.

Gainerako beste hiru inputatuen gainean, tribunalak argudiatu du Ibarra delitu horien egile moduan absolbituta gelditzen bada, horrela gelditu behar dutela baita ere bere ekintzetan ustezko laguntzaile izan zirenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea