Ekonomia -

Zor-jaulkipena

Espainiako Altxor Publikoak gutxi saldu du, eta garestiago

Hain zuzen ere, 4.659 milioi euro baino ez ditu esleitu, eta aurreko enkantean baino interes-tasa handiagoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Altxor Publikoak 4.659 milioi euroko zorra saldu du gaur, 12 eta 18 hilabeterako bonoetan, eta, beraz, aurreikuspen ezkorrenak bete dira. Izan ere, gutxienez 4.500-5.500 milioi euro esleituko zituztela uste zuten.

Gainera, kostua handiagoa izan da, aurreko enkantekoak baino interes handiagoak ordaindu beharko baititu. Horrela, Altxorrak azken bost enkanteetako joera positiboa hautsi du, interesak gero eta txikiagoak baitziren.

Espainiako Bankuaren datuen arabera, Altxorrak 3.509,30 milioi esleitu ditu 12 hilabeterako bonoetan, % 2,90eko interesean (aurreko aldian % 2,18koa izan zen); 18 hilabeterako bonoetan 1.149 milioi izan dira, % 3,496ko interesean (azken enkantean, % 2,5ekoa izan zen).

Zor gehiago saltzea espero bazuten ere, eskaria oso handia izan da, 8.000 milioi eurokoa baino gehiagokoa.

Enkantea emankorragoa ez izateko kausak hiru izan dira, adituen ustez: Portugalen erreskateak piztutako zalantzak, Greziako zorraren berregituraketa eta Irlandako bankuen egoera.

Zor-jaulkipenaren emaitzaren ondorioz, Espainiaren arrisku-saria (Alemaniako bonoekin alderatuta kalkulatzen da) 20 puntu hazi da, 204tik 224ra. Maila handiena da martxoaren 10etik.

Espainiak egindako azken enkantean, martxoaren 15ean, Altxorrak 5.500 milioi euro saldu zituen, 2010eko urritik lortutako interes txikienean.

Aste honetan bertan, Gobernuak beste zor-jaulkipen bat egingo du. Asteazkenean izango da, eta 10 urterako bonoak jarriko ditu enkantean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea