Ekonomia -

Gipuzkoa

Bidesariek Gipuzkoako garraiolariak 'zigortzen' dituztela salatu du Guitransek

Atzerriko ibilgailuen "lehia desleiala" kritikatu dute Gipuzkoako garraiolariek, eta dieselaren gaineko zergak ez igotzea eta Biriatuko auto-ilarak konpontzea eskatu dute.

Bidesaria N-Iean. Irudia: EiTB.
Bidesaria N-Iean.
Bidesaria N-Iean. Irudia: EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garraioaren sektorea "kohesionatzeko" garrantzia azpimarratu du Guitrans Gipuzkoako garraiolarien elkarteak, "kate logistikoan daukan posizionamendua" hobetzeko, atzerriko ibilgailuen "lehia desleiala", bidesarien eta dieselaren prezioen eta mugako auto-ilarak bezalako erronken aurrean". Guiranseko bazkideek bilera egin dute Donostiako Miramar Jauregian.

Bileran Gipuzkoako enpresak, Estatu osoko garraio elkarteak eta, gonbidatu bezala, Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko diputatua izan dira.

Mario Palacios presidenteak salatu duenez, aktibitatea igotzeak ez dakar errentagarritasuna igotzea, garraioaren kostuen ondorioz. "2018an % 1,3 igo dira, baina prezioak, kasurik onenean, mantendu egin dira, eta kasu askotan jaitsi egin dira", esan du.

"Deslokalizatutako enpresen eta soldata eta zerga baxuagoak dituzten herrialdetako enpresen lehia desleialari" egotzi dio merkatua aldatzea, "prezioak eguneratzea ezinezko" bilakatu arte.

Horregatik, garraiolariek administrazio guztien arteko "ikuskapen eraginkorrak" eskatu dituzte enpresa horien "iruzurrezko jokaerak detektatzeko". Salatu dutenez, "bere kostu baxuak eta bere gidarien esklabotasuna" baliatzen dituzte. 2018ko Estatuen ikuskapenak ez ziren nahikoak izan, eta ez dute islatzen atzerriko ibilgailuen kopurua.

Gipuzkoako bidesariak eta horien inguruko azken aldaketa ere kritikatu ditu elkarteak. Esan duenez, "Gipuzkoako garraioa bidegabeki zigortzen jarraitzen dute" eta "lurraldeko enpresak gehiago zergapetzen dituzte". Azaldu dutenez, "hiru arkuetatik igarotzen den ibilgailu batek 1,57 euro gutxiago ordainduko du, eta Andoaingo arkutik lau aldiz igarotzen den ibilgailu batek 3,24 euro gehiago ordainduko du". Azken hori Gipuzkoako ibilgailuek egiten dute, eta ez kanpokoek.

Garraiolariek deskontuak eskatu dituzte sistema asko erabiltzeagatik eta ibilgailuen ingurumen-eraginkortasuna.

Batzarrean, Guitranseko bazkideek gasolioaren prezioa ere izan dute hizpide. "Zergen igoerari buelta ematea" eskatu dute, "prezioan eragina izan ezin denez eta prezioaren gorabeherari aurre egitea nahiko zaila denez, ezin dugu gainera zergen igoera gure gain hartu".

Azkenik, Gipuzkoako garraiolariak kezkatuta agertu dira Biriatuko auto-ilarekin. Azaldu dutenez, "2015etik bi egunean behin gertatzen dira". Pilaketa guztietan egon den kamioi batentzako galera 40.000 eurokoa litzatekeela salatu dute. Frantziako administrazioari "baliabide guztiak ez erabiltzea" eta "bere arazoak bere mugetatik kanpo ateratzea" leporatu dizkio.

Garraioak lurraldeko ekonomian duen garrantzia azpimarratu dute, hura "egituratzen" duelako, "sektore guztiekin eta erabiltzaileekin lotuta dagoelako". Palaciosek azaldu duenez, Gipuzkoako BPGren % 4,4 da, 12.000 lanpostu sortzen ditu eta 34,9 milioi tona garraiatzen ditu urtero.

Hala ere, gero eta garraio-enpresa gutxiago daude Gipuzkoan —"2018an baino 1.058 gutxiago eta 1.498 baimen gutxiago "—. Guitransen kalkuluen arabera, Foru Ogasunak 34,5 milioi euro gutxiago bilduko ditu urtero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak N-1 Kamioientzako bidesariak