Ekonomia -
GIPUZKOA
Indarrean sartu da kamioientzako bidesari berria N-1 errepidean, Gipuzkoan
Araudi berria gauerdian sartu da indarrean. Berritasunei dagokienez, Irungo arkua desaktibatu da eta beste bat jarri dute Astigarragan.
EITB.EUS
Gaurtik aurrera indarrean dago kamioi eta ibilgailu astunentzako bidesarien sistema berria, N-1 errepidean eta A-15 autobidean, Gipuzkoan. Araudi berria gauerdian jarri da martxan. Berritasunei dagokienez, Irungo arkua desaktibatu dute eta beste bat jarri dute Astigarragan. Gipuzkoako Foru Aldundiak araudi berria onartu du orain gutxi, epaitegietan helegiteak aurkezteko aukerari ateak ixteko.
Zehazki, Gipuzkoako Batzar Nagusiek azaroan onetsi zuten 6/2018 Foru Araua, 7/2016 Foru Arauak ordaintzeko zehazten zituen zatiak aldatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainsaria aldatzea ekarri duen foru araua onartu zuen, epaitegiek inolako helegiterik onartzeko aukerak saihestea helburu. Izan ere, orain arte indarrean egon den ordainsari sistema bidegabe jo zuen justiziak kanpoko kamioizaleen kontrako diskriminazioa eragiten zuelakoan. Foru Aldundiak errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta ebazpenaren zain daude orain alde guztiak. Halakorik berriro ez gertatzeko jarri dute martxan sistema berria.
Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, bidesariak Irundik eta Etzegaratetik igarotzen diren kamioiei eragiten die, eta N-1 eta A-15 errepideak erabiltzen dituzten 12.000 ibilgailu astunek errepide horien erabilera ordaintzea du helburu.
Berritasunei dagokienez, Andoaingo arkuan ordaintzen den tarteko zatia luzatu egin dute, orain arteko 2,2 kilometroetatik 5,37 kilometrora. Beste aldaketak Irungo arkuari eragin dio, desaktibatu egin baitute, eta beste bat jarri da Astigarragan, 3,19 kilometrokoa. Aldaketa horien ondorioz, Andoaindik igarotzen direnek orain arte ordaintzen zutenaren bikoitza ordaindu beharko dute.
Hiru sindikatutik aurreratu dutenez, epaitegietara joko dute ordainsari berri hau gelditzen saiatzeko.