Ekonomia -

LAN ESKAINTZA PUBLIKOA

8.752 lagunek parte hartuko dute larunbatean administrari postuak betetzeko prozesuan

Probak Barakaldoko BECeko bi pabiloitan egingo dira. Zehazki, 308 lanpostu atera ditu Bizkaiko Aldundiak. Azterka teorikoa eta praktikoa, lehenengoz, goiz berean egingo dira.

Barakaldoko BEC. Argazkia: Gonzalo Elorza
Barakaldoko BEC
Barakaldoko BEC. Argazkia: Gonzalo Elorza

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

8.752 pertsona dira larunbatean, hilaren 18an, Bizkaian administrazioko pertsonalaren 308 plazetako bat eskuratzeko azterketa egingo dutenak. Gaur egunera arte Bizkaiko Foru Aldundiak deitu duen lan-eskaintza publikorik handiena da, hala eskaintzen dituen plazei nola aurkezten diren hautagaiei dagokienez.

Hautagaiak asko dira eta, ondorioz, azterketak 09:00etan hasita egingo dira aldi berean Barakaldoko BECeko bi pabiloitan, bigarrenean eta seigarrenean. Gainera, azterka teorikoa eta praktikoa, lehenengoz, goiz berean egingo dira "eragingarritasun, eraginkortasun eta azkartasun arrazoiengatik".

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, plaza horiek amaitu berri den legegintzaldian Foru Aldundiak deitu dituen 600 plaza baino gehiagoren erdiak dira, eta deialdiaren xedea erakundearen egitura sendotzea eta enplegu publiko "egonkorra, finkatua eta kalitatezkoa bermatzea" da.

Bete gabe gelditu ziren eta orain bete nahi dituzten 308 lanpostu horietako 275 eskaintza librekoak izango dira; 15, desgaitasunen bat dutenentzat; 16, barne promoziokoak, eta 2, barne promoziokoak baina desgaitasunen bat dutenentzat.

Probak era egokian garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 470 pertsonatik gorako taldea koordinatuko du; talde horretako kide guztiak Aldundiko funtzionarioak dira, Bizkaiko suhiltzaileak barne, eta euren borondatez eman dute izena antolakuntza-lanetan laguntzeko.

Azterketa teorikoa eta praktikoa bata bestearen atzetik egingo dira prozesua gehiegi luzatzea saihesteko eta prozesuan hautatuak izango diren pertsonak lanpostuan arinago hastea bideratzeko.

Proba teorikoa 75 galdera, gehi erreserbako beste 10, izango dituen test bat izango da. Galdera horiek gai-zerrendako edukiei lotuta egongo dira, eta txanda arrunteko hautagaiek 150 minutu izango dituzte erantzuteko. Proba praktikoan ariketa egin aurretik epaimahaiak proposatuko dituen gaien arteko kasu bat edo gehiago ebatzi beharko da. Ariketa honetan ebazteko epea 90 minutukoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Lana Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak